Asteburu honetan Nina pelikula emango dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Igandeko 19:30eko saioan Andrea Jaurrieta zuzendariak parte hartuko du. Emanaldiaren ondoren, solasaldia egingo dute zuzendariarekin.
Nina pelikulak kritikaren saria jaso zuen Malagako zinemaldian eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia itxi zuen. Bermeon eta Mundakan filmatu zuten. Protagonista bere jaioterrira itzuli den emakume bat da. Gaztea zenean idazle ospetsu baten abusuak pairatu zituen eta ingurukoek ez zuten ezer egin. Western itxurako mendeku istorio bat da. Aktore nagusia Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra da (Goya saria irabazi zuen Ane pelikularekin eta 20.000 especies de abejas pelikularekin izendatu egin zuten).