Mila lagun inguru batu dira Iñaki Beitia Mendi Martxan aurtengoan. 26.edizio hau berezia izan da, urte hauetan guztietan antolatzen aritu direnek belaunaldi gazte bati eman baitie erreleboa.
26.edizioa izan da aurtengoa Iñaki Beitia Mendi Martxan. Urtero egiten den martxa hau oso berezia da eta iada oihartzun handia izaten duen mendi martxa da. Goizean goiz irten dira mendizaleak, goizeko 7etan, hain zuzen ere, eta 29 kilometroko ibilbidea egin dute mendian zehar, Urola Kosta, Goierri eta Deba Garaia pasaz. Aurtengo edizioan 1.080 pertsonak eman dute izena eta berezia izan da antolakuntzarentzat, izan ere, urteetan zehar antolakuntzan egon direnek erreleboa eman dute iada eta beste hainbeste edizioren lehenengoa izan da aurtengoa belaunaldi gazte batentzat.
Eguerdi partean elkartu dira guztiak helmugan, Barrenkale-Areitzagako plazan. Bertan jatekoa zein edatekoa izan dituzte, baita kamisetak hartzeko aukera ere. Festa giroa izan da nagusi bertan, «nekatuta» iritsi diren arren oso ibilbide «polita» izan baita eta giro «onean» pasa dute goiza.
Omenaldia
Eguerdiko 14:00etan iritsi da sorpresa. Antolakuntzan parte hartutako zenbait gazte eszenatokira igo dira eta eskerrak eman nahi izan dizkiete urte hauetan guztietan antolakuntzan aritu direnei. Horrez gain, oroigarri bat ere eman diete eta parte-hartzaile guztien txaloak ajso dituzte; baita bertso bat ere, “Itsasoari begira” doinuan:
Iñaki zena omendu egin
nahi zenuten nolabait ta
zuen txikian bildu zineten
zerbait egiteko nahita
deus jaso gabe lanean ari
den norbait nola ez maita
elkar hartuta hasi gara gu
zuen pausoei jarraika
omenaldirik onena bide
hori segitzea baita.