Zumarragako EH Bilduk Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren tailerretan parte hartzera animatu ditu herritarrak
Zumarragako udalerria Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren garapenean murgilduta dago. Horren inguruko saioak antolatu dira eta EH Bilduk herritarrak parte hartzera animatu ditu. “Plan honek zumarragarrok nahi dugun udalerri zein hirigintza garapen eredua zehaztuko ditu. Hori dela eta, Zumarragako EH Bildutik garrantzia berezia ematen diogu herritarren inplikazioari haren diseinuan. Une honetan, aurrerapen dokumentuaren definizio fasean gaude eta HAPO berriaren ildo nagusiak ezartzen ditu”.
Zumarragako Udalak dokumentu hori maiatzaren 23an, 17:30ean, Zelai Arizti aretoan aurkeztuko du. Ondoren, bi tailer ireki egingo dira, herritarrek egoki iruditzen zaizkien ekarpen guztiak egin ditzaten. Maiatzaren 30ean eta ekainaren 4an izango dira, 18:00etan, Zelai Arizti kultur etxean.
“Herritar guztiak animatzen ditugu udalak aurrera eramango dituen ekimen hauetan parte hartzera. Kontuan izan behar dugu HAPO berriak zehaztuko eta baldintzatuko dituela nahi dugun hiri eta mugikortasun eredua, espazio libreen diseinua, etxebizitza arloan udalak landuko duen estrategia, izango ditugun ekipamenduak, jarduera ekonomikoa garatzeko estrategia, gune babestuen definizioa eta abar. Halaber, herritarrek, ordezkari politikoekin lankidetzan, kultura eta natura aniztasuna, genero ikuspegia, irisgarritasuna, segurtasuna, babesa eta garapena bermatu behar dute. Zumarragako EH Bildutik uste osoa dugu herritarren parte hartzea funtsezkoa dela defendatzen dugun lankidetza gobernanatza ereduaren baitan. Aprobetxa dezagun, beraz, adimen kolektiboa Zumarraga hobe bat eraikitzeko”.