Sutobal enpresa Kortaberri tabernako eraikina husten ari da eta aurki bota egingo du. Kortaberri Zumarragako taberna ospetsuenetako bat izan zen. Arantxa eta Ascen Insausti ahizpek bertan lan egin zuten.
Kalebarrenen zaharberritzea aurrera doa. Duela hilabete batzuk Kalebarren 2ko obra bukatu zen eta Sutobal enpresak Forjas eremuko lehen etxebizitzak eraikitzeari ekin dio. Gainera, aurki Kortaberri tabernako eraikina botako du. Kortaberri Zumarragako taberna ezagunenetakoa izan zen. Arantxa eta Ascen Insausti ahizpek bertan lan egin zuten urte luzetan eta Kortaberriko giroari buruz hitz egin dute.
Insausti-Elorza ahizpen aita (Antonio) Alegiko Errota baserrikoa zen eta ama (Maria) Matximentako Altzorbe baserrikoa. “Alegitik etorri ziren, aitaren gurasoen etxetik. Osaba-izeben etxean egon ziren hasieran [Teodosio Zabaleta Txokolatero eta Joxepa Insausti]. Ondoren, Alfonso Arratibelen harategiaren gainean bizi izan ziren. Aitak Orbegozon lan egiten zuen eta Kortaberri taberna eskaini zioten. Taberna eduki zuen batek kanpoko jendea barran dirua manejatzen eta zu kanpoan lanean? esan zion. Hala, aitak Orbegozoko lana utzi zuen tabernan lan egiteko. Amak sukaldean lan egiten zuen eta aitak barran”.
1959an hartu zuten Kortaberri, Arantxak 2 urte zituenean. Ascen han jaio zen. “Taberna Secundina Kortaberriak eta bere ahizpak ireki zuten eta ondoren Garcia udaltzain ohiaren gurasoek izan zuten”.
Insausti ahizpen ama tabernetan lan egindakoa zen, baina jatetxe baterako kozinatzen ikasi behar izan zuen. “Donostiako Terminusen lan egin zuen zerbitzari bezala, baina kozinatzen Secundinak irakatsi zion. Odolkiak egiten ere irakatsi zion. Tabernan saltzen genituen odolkiak berak egiten zituen. Postreak egiten, berriz, osabak irakatsi zigun. Kafea hartzera etortzen zen eta egunero pastel bat egiten irakasten zigun”.
Kortaberri oso taberna estimatua zen, batez ere baserritarren artean. “Baserritarren sindikatuaren bulegoa sukaldearen ondoan zegoen eta bertan idazkaria egoten zen. Baserritarrak kartilla sinatzera joaten ziren. Bide batez, mokadutxoa egiten zuten”.
Urretxuko feria
Garai hartan Urretxuko feria hilero egiten zen (egun urtean bitan egiten da) eta feria egunean ere baserritarrak Kortaberrira joaten ziren. “80 bat afari ematen genituen feria egunean”. Gainera, Zumarragako abere hiltegia Kortaberriren ondoan zegoen. “Ganadua hil ondoren, gibela gure amari ematen zioten, prestatu zezan. Baserritarrak eta matarifeak gibela elkarrekin jaten zuten. Astelehenetan ganadu asko hiltzen zuten Orbegozoko ekonomatorako eta ama tabernara heltzerako bere zain egoten ziren, gibela presta zezan”.
Beste garai batzuk ziren… Baserritarren posta bertan jasotzen zuten, etorkinen senitartekoen telefono deiak hartzen zituzten… “Gure aita oso eskuzabala zen. Gaseosa erostera joaten ziren haurrei kakahueteak ematen zizkien eta gurasoak harrituta zeuden haurrak beti Kortaberrira joaten zirelako gaseosa bila… Kakahueteak ematen zizkietela konturatu ziren arte! Musika bandakoei, Kortaberriraino heltzen baziren, zigarroak edo ardoa ematen zizkien. Eta herritar batek soldadutzara joan behar zenean aitak tabako kartoi bat oparitu ziola esan zigun. Zuen aitak ez zuen marketina ikasi, baina marketin ezagutza handia zuen, esan zigun behin bezero batek”.
Forjas de Zumarraga enpresako langileak ere bezero onak izan ziren. “Lantegia tabernaren atzean zegoen eta ama heldu zela ikusten zutenean, txistu egiten zioten eta tabakoa edo ogitarteko bat eskatzen zioten. 18:00etan irteten ziren lanetik eta garai hartan ez zegoen mikrouhin laberik. Sua pizten genuen eta tripakiak, albondigak, odolkiak… prestatzen genituen”.
Asteburuetan beste bezero mota bat zuten. “Gazteek, Goldenera joan aurretik, afari-merienda egiten zuten. Santa Lutzi egunean eta Kalebarreneko San Antonio jaietan ere asko lan egiten genuen. Garai hartan ez zeuden egun bezainbeste taberna eta Santa Lutzi egunean baserritar batzuk gosaltzera, bazkaltzera eta afaltzera etortzen ziren. Bazkaltzeko, angulak eta arkumea”.
Tabernako langileak
Arantxak eta Ascenek, eskolatik irteten zirenean, gurasoei laguntzen zieten. “Tabernaren ondoan jolasten genuen eta jendea afaltzera joaten zenean gurasoek deitu egiten ziguten. Neska bat ere bagenuen: Urretxuko Mendizabal baserriko Encarni Sasieta. Urte asko egon zen gure tabernan. Gainean Aparizio enpresako langileak bizi ziren eta horietako baten emazteak ere laguntzen zigun. Dioni Mateo du izena. Asteburutan lagunak hondartzara joaten ziren eta gu lanean. Amak ez genuela penarik edukiko esaten zigun, lana egiten ikasiko genuela. Hori bai, Donostiara joaten ginenean gurasoek nahi genuena erosten ziguten. Taberna ostegunean bakarrik ixten zuten. Gu jaio ginen arte, egunero irekitzen zuten”, oroitu dute.
Gurasoek taberna utzi zutenean, bi ahizpek jarraitu zuten. 1980ko hamarkada erdialdean utzi zuten Kortaberri. “Aita eta ama Donostiara joan ziren bizitzera jubilatu zirenean. Lan asko egin zuten, baina jubilazioaz gozatu ahal izan zuten. Tabernarekin guk jarraitu genuen. Gure senarrek laguntzen ziguten. Ezkondu ginenean utzi genuen. Gure amak lan asko egin behar izan zuen gu haurrak ginenean eta guk seme-alabekin egotea erabaki genuen”.
Bertsolariak
Kortaberritik jende ospetsu asko pasa zen. Lazkao Txiki eta Joxe Lizaso bertsolariak, besteak beste. “Horiek afaltzera sartzen zirenean, kito. Bertsotan hasten ziren eta ez zuten bukatzen. Lazkao Txiki askotan etortzen zen. Gurasoek lan asko egin zuten, baina oso giro ona zuten. Kuadrilla batzuk sukaldean afaltzen zuten, gure osaba eta bera lagunak gauean tabernan gelditzen ziren kartetan jokatzen…”.
Bezero fin asko zituzten. “Antzuolako gizon bat askotan etortzen zen eta urrezko ezteiak ospatu zituztenean, Kortaberrin bukatu zuten: beste nonbaiten bazkaldu zuten, baina ondoren familia guztia Kortaberrira ekarri zuen afaltzera. Baserritarrek oso giro polita zuten eta, gainera, amak oso ondo kozinatzen zuen. Etorkin asko ere etortzen ziren. Aitak Orbegozon lan egin zuen eta bazekien lanetik irteten zirenerako zer behar zuten: ardoa fresko-fresko edukitzen zuen beraientzako. Egunero sekulako txikiteoa izaten zen, eguerdian eta arratsaldean. Azkeneko taberna zenez, el corner deitzen zioten. Baserritarrek, berriz, Kortaberri edo Sindikala”, amaitu dute.
Manex Buron: “Mahai batean gaztetxeko neska-mutikoak egoten ziren eta ondokoan adineko senar-emazte batzuk”
Insausti ahizpen ondoren, jende asko pasa zen Kortaberritik. Besteak beste, Manex Buron urretxuarra. Buronek ostalaritza ikasi zuen Oñatin eta Alegiko gasolindegian eta Salbatoreko eta Lazkaoko hoteletan lan egin zuen, besteak beste. Kortaberri hartzeko aukera zegoela esan zioten eta hartu egin zuen, Deiane Grajerasekin.
2004an hartu zuten eta 10 bat urte egon ziren bertan. “Hasieran poteoa ez zen Kortaberriraino iristen, baina Gaizkak Ederrenako pilotalekuko taberna hartu zuen eta poteoa Kortaberrira eta pilotalekura heltzea lortu genuen. Zumarragan hasten zuten eta Urretxun bukatzen zuten”.
Ateak adin guztikoei ireki zizkieten. “Ateak denentzat genituen zabalik. Denentzako toki bat nahi genuen. Lortu genuen. Mahai batean gaztetxeko neska-mutikoak egoten ziren eta ondokoan adineko senar-emazte batzuk”.
Jendea Buronek prestatzen zuen Pilotari ogitartekoaz gogoratzen da oraindik. “Hiruzpalau ogitarteko jendearen ahotan egon ziren: hitzez eta janez. Pilotari, Kortaberri, Txistulari… Garai hartan ogitartekoak ematen zituzten taberna gutxiago zeuden”.
Familia eduki zutenean, Kortaberri uztea erabaki zuten. Santa Barbarako taberna hartu zuten, Iñaki Lizarralderekin. “Kortaberrin bazkariak eta afariak ematen genituen eta Santa Barbaran egunez lan egiten da batez ere. Gainera, Santa Barbara asko gustatzen zait”.