Jon Zaldua zumarragarrak gazte mailako euskal pentatloi txapelketan parte hartuko du lehenengoz. Zalduak Jakes Iruretagoienarekin neurtuko ditu indarrak. Txapelketa ekainaren 2an izango da, 12:00etan, Tolosako zezen plazan. 63 kiloko bola zortzi aldiz altxatuko dute, 250 kiloko harriarekin plaza bat egingo dute, kana erdikoa ebakiko dute, 35 kiloko txingekin hiru plaza egingo dituzte eta zezen plazari 10 itzuli emango dizkiote korrika (kilometro bat).
Gazte mailakoen euskal pentatloi txapelketa bigarren mailako finalen baitan antolatu da. Hala, jaialdi berean emakumezkoen bigarren mailako finala eta gizonezkoen bigarren mailako finala jokatuko dira.