Larunbatean Xabier Ormazabalen omenezko mendi festa egin zuten Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Egunean zehar mendiarekin lotutako hainbat ekitaldi egin zituzten. Eguraldi bikaina lagun, ehunka lagunek parte hartu zuten. Iluntzean Xabier Ormazabal bekaren irabazlearen izena eman zuten ezagutzera. Ainhoa Unanue Bereziartu zumarragarrak irabazi du Urretxuko Udalak ematen duen beka hori. Bekaren eskutik, Alaskara joango da eskiatzera eta bizikletan ibiltzera.
Unanue 2001ean jaio zen. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Ingeniaritza Informatikoa ikasten ari da. Aurten bukatzea espero du. Kirolzaletasuna etxetik datorkio. “Eskiatzera, mendian ibiltzera… umetatik joan naiz. 12 urte nituenean Chamonix-Zermatt trekking-a egin nuen etxekoekin. Gainera, hiru anai-arrebeten gazteena naiz eta beraiek irekitako bidea jarraitu dut”.
Abenturazalea da eta Xabier Ormazabal bekara aurkeztea erabaki zuen. “Iaz Erasmusa egin nuen, Suitzan. Mendiagatik joan nintzen bertara. Alaskako lagun bat egin nuen bertan [Benntt Pearce] eta berarekin joaten nintzen mendira eta eskiatzera. Beka deialdia aurkeztu zutenean, lagunak aurkeztea proposatu zidan. Alaska hegoaldean eski trabesia bat egingo dugu. Itsasoan bukatzen da. Ondoren, itsasontzi bat hartuko dugu. Valdez-era eramango gaitu. Handik Anchorage-ra joango gara, bizikletarekin eta eskiekin. Bidean, mendiak igoko ditugu eskiekin”.
Ez zuen beka irabaztea espero. “Asko poztu eta hunkitu nintzen, beka Xabiren omenez delako eta dolu prozesu batean murgilduta nagoelako [ama hil zitzaion apirilean]. Proiektu hau egiteak zentzu handia hartu du niretzat. Oso aukera handia da”.