Autobusa Jose Mari Lasa plazan geldituko da eta baimendutako autoak Pagoetatik igoko dira Santa Barbarara
Lau aste baino gutxiago falta da Urretxuko San Joan jaietarako. Hala, udalak jaiekin lotutako hainbat ohar helarazi ditu. Harrizko mahaien zozketarekin, trafikoarekin eta herri bazkariarekin lotutakoak, hain zuzen ere.
Harrizko mahaien zozketa ekainaren 11an izango da. Izen ematea zabalik izango da ekainaren 1etik 10a arte kultur etxean.
San Joan egunean, beti bezala, doako autobus zerbitzua izango da, erosoa eta irisgarria: 10:00etatik 20:30ak arte. Geltokia ez da orain arteko tokian izango. Aurten, San Joan eguneko autobusaren geltokia Labeaga 14an egongo da (Jose Mari Lasa plaza).
Autoan igo behar izanez gero, paseak eskatu daitezke udaltzaingoan: ekainaren 12tik 21era (astelehenetik ostiralera 07:00etatik 21:00etara eta larunbatetan eta igandetan 09:00etatik 21:00etara). Adi trafiko aldaketei: Santa Barbarara igotzeko Pagoeta auzoko errepidea bakarrik erabili ahal izango da. Nekolalde-Mundo Mejor-Basagasti auzoetatik Santa Barbarara joateko bidea moztuta egongo da eta baimenik ez dutenek Erratzu poligonora bakarrik igo ahal izango dute. Nekolaldetik Santa Barbarara joateko bidea moztu egingo da eta jaisteko bakarrik erabiliko da. Hala ere, Nekolaldetik Etxaburura igotzeko aukera egongo da.
Herri bazkarirako txartelak salgai egongo dira kultur etxean ekainaren 1etik 18ra. Helduen menua 26 euroan, haurrena (12 urtetik behera) 13 euroan. Kultur etxean edo Santa Barabara jatetxean erosi daitezke ekainaren 1etik 18ra arte.
Helduentzako menua: urdaiazpikoa eta patea , arrrainez betetako piperrak , penka onddo saltsarekin , sahieskia , goxua, kafea eta kopa (ogia, ura eta ardoa barne). Haurrentzako menua: makarroiak tomatearekin , oilasko bularkia patata frijituekin eta Danonino (ogia, ura eta freskagarriak barne).
San Joan herri dantzarako entseguak ekainaren 18 eta 21ean izango dira Gainzuriko jolastokian, 20:00etan eta irekiak.