Udalak Santa Isabel eguneko bazkarian eta mahai zozketan izena emateko epea ireki du eta danborradetako entseguen hasiera jakinarazi du
Hilabete besterik ez da falta Zumarragako Santa Isabel jaietarako. Hala, udalak jaiekin lotutako hainbat ohar helarazi ditu: Santa Isabel eguneko mahaien zozketarekin, egun horretako bazkari herrikoiarekin eta danborradarekin lotutakoak.
Santa Isabel eguneko mahaien zozketari dagokionez, aurreko urteetan bezala, ermitaren atzealdean mahaiak jarriko dira kuadrillen artean zozkatzeko. Izena emateko epea ekainaren 3tik 11ra bitartekoa izango da. Zozketa ekainaren 13an izango da, 13:00etan, kultur etxean. Mahaia tokatzen zaienek talde osoaren karnetak aurkeztu beharko dituzte. Bazkari herrikoian izena emateko epea, berriz, ekainaren 3tik 14ra izango da. Menuaren prezioa 49,50 eurokoa da.
Haurren danborrada ekainaren 30ean izango da eta entseguak ekainaren 3an hasiko dira. La Salle-Legazpi ikastetxeko soinketa gelan izango dira, astelehenetik ostegunera. HH eta LH1ekoek 18:00etan entseatuko dute eta gainontzekoek 19:00etan. Entseguen gutxi gorabeherako iraupena 45 minutukoa izango da.
Elkarteen danborrada, berriz, ekainaren 28an izango da. Lehen entsegua ekainaren 10ean egingo dute, 20:00etan, La Salle-Legazpi ikastetxeko soinketa gelan.