Noizean behin Miguel Lopez de Legazpiren estatua mozorrotuta ageri da. Estatuaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi duen herritar baten ekimena da. Estatua dorretxera eramatea gustatuko litzaioke.
Zumarragako bizilagun honek zerbait egitea erabaki zuen, Miguel Lopez de Legazpik hanka azpian filipinarren ikur bat duela esan ziotenean. “Ordutik, estatuaren aurretik pasatzen naizen bakoitzean, ezin dut beste toki batera begiratu. Harrokeria horrek sutan jartzen nau. Iraingarria iruditzen zait. Zer du hanka azpian? Nire ustez, berak ere ez daki. Indio txiki bat? Emakume bat? Haien jainkoa? Haien kultura? Baina, jende askok, ondotik pasa eta, begiratu ere ez du egiten. Izan ere, estatua oso goran dago. Zerbait jartzen diot eta jendea ez da konturatzen”.
Lopez de Legazpik pena ematen diola dio. “Ez dakit bere historia eta ez dut jakin nahi. Estatua Legazpi dorretxean ikusi nahiko nuke. Estatua oinarritik kentzea eta Legazpi dorretxera eramatea gustatuko litzaidake. Aurrez aurre begiratu ahal izateko eta hanka azpian zer duen ikusteko. Eskultura artelan bat da. Sekulakoa. Baina zertarako jarri zuten hor goian? Ez da apreziatzen!”, aipatu du.
Hori dela eta, herritarrek estatua begiratu dezaten eta bere inguruan hausnartu dezaten, estatuari elementuak jartzeari ekin dio. “Nire urtebetetze eguna zen eta hori oparitu nion nire buruari. Estatua oraindik zuhaitzez inguratuta zegoen. Gora igo eta patata zakuarekin hanka azpian duena estali nuen. Oso polita gelditu zen. Eguzkiak jotzen zion eta distira egiten zuen. Lopez de Legazpi lehorrera iritsi zela zirudien, hondarra edo haitz bat zapaltzen ari zela. Helburua lortu zuela. Handik egun batzuetara, udalak zakua kendu zuen. Nire ustez, askoz hobeto zegoen nik jarri nuen moduan. Aukera asko daude, baina dagoena ez da baliagarria. Bata bestea zapaltzen? Ze harrokeria da hori? Udala egiten ari dena sekulako kontraesana da: alde batean hori eta bestean biktimen inguruko monolitoa. Izan gaitezen kontsekuenteak”, esan du.
Udalak berak jarritakoa kendu zuela eta herritarrek ez diotela estatuari jaramon handirik egiten ikusita, zerbait gehiago egitea erabaki zuen. “Inauteri batzuetan filipinar bat irudikatzen zuen panpina bat egin nuen eta bere azpian labeldun euskaldun bat jarri nuen: txapelarekin eta artilezko galtzerdiekin. Muntaiaren ondoan testu bat jarri nuen: Lopez de Legazpiren hankak gure anaia umiliatzen jarraitzen duen bitartean, protestatzen jarraituko dugu. Inauterien ondoren, muntaia Zelai Arizti parkean utzi nuen, Hezi itzazue haurrak eta ez da gizonak zigortu beharrik izango jartzen duen tokiaren gainean. Hurrengo egunean kendu zuten“.
Ez du amore eman. “Nire erara, mezuak bidaltzen ari naiz. Nire ustez, plaza ez da bere tokia. Lopez de Legazpik, hitz egiterik izango balu, zer jarri didazue oin azpian? Nik etxean egon nahi dut. Eraman nazazue etxera, esango zukeen. Nire ustez hori da bere tokia: museo bat. Eskultura sekulakoa da. Dorretxera sartzea eta hiru metroko tipo bat aurkitzea sekulakoa izango litzateke. Jakin-mina piztuko luke. Baina plaza publiko batean tipo bat beste bat zapaltzen ikustea… Umeek hori ikusi behar al dute? Eskultura sekulakoa da. Igo naizenean jabetu naiz bere edertasunaz. Oraindik detaile asko ditut ikusteko. Hor goian jarrita, herritarrei ondo ikusteko aukera kendu diete. Eraman dezatela dorretxera. Herritar guztiak joango lirateke ikustera”.
Mozorro ezberdinak
Herritarrek eskulturaren inguruan hausnartzea lortzeko, hainbat ekintza burutu ditu. “Iazko azaroan, greba feministaren egunean, fregona eta pixoihal paketea jarri nizkion, zaintzaren garrantzia ikusarazteko. Urtarrilean urkatutako filipinar bat jarri nion. Hiru egun egon zen bertan! Hilero zerbait jartzea eta datorren urtean egutegi bat egitea bururatu zitzaidan. Herritar guztiek etxean izan dezaten. Jendeak estatuara begiratu dezan. Sentsibilizatzeko. Otsailean, Filipinos pakete erraldoi bat jarri genion. Martxoan, Emakumeen Eguna dela eta, zinta morea jarri nion. Apirilean, berriz, aterki txiki bat jarri nion buru gainean. Piraten garezur batekin. Atzetik istiluen kontrako polizien kaskoa zirudien. Maiatzean borra bat jarri diot”.