Larunbatean Aniztasun Jaia egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan, 10:00etatik 16:00etara. Ekitaldi horren helburua Urretxuko aniztasuna goraipatzea da: aniztasuna herriaren aberastasun gisa ulertzea eta aitortzea. Gainera, elkar ezagutzeko eta aurreiritziak sortzen dituzten hesiak gainditzeko aukera paregabea ere bada.
Festa 10:00etan hasiko da. Ordu horretan gastronomia postuak irekiko dira. Argentina, Honduras, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Nikaragua, Maroko, Herrialde Katalanak, Pakistan, Peru, Portugal, Errusia, Senegal eta Venezuelako postuak egongo dira. 11:00etan hainbat ekintza egingo dituzte: henna ikastaroa marokoar komunitatearen eskutik, Alambique etxekoek arabiar idazkera landuko dute, Marea Urdina elkarteak sentsibilizazio jolasak egingo ditu, Gurutze Gorriak haurrentzako jolasak eta Gazte Bideanek eskulan parte hartzaileak. 12:00etan txirikorda ikastaroa egingo dute, Ekuatore Gineako komunitatearen eskutik.
Musika ekitaldiak ere egongo dira. 10:00etan Secundino Esnaola musika eskolako ikasleek joko dute, 11:00etan Bakuntza taldeak zunba erakustaldia egingo du, 11:30ean Sapali taldeak djembe ikastaroa eskainiko du, 12:30ean Marinelys Rosell-ek saltsa ikastaroa eskainiko du eta 13:30ean emakumeen etxeko Sua-Annar emakume migratuen taldeak dantza ginear erakustaldia eskainiko du.
Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiarentzat jaiaren antolaketa prozesua jaia bezain garrantzitsua da. “Apirilean hasi ginen lehen bilerak egiten eta ordutik astero elkartu gara, udaletxeko portaloian, herrialde eta elkarte ezberdinetako ordezkariak. Baita era batera edo bestera jaian parte hartuko duten pertsonak ere. Ibilbide horretan, jaiaren xehetasun teknikoak lantzeaz gain, difusiorako bideoak prestatu ditugu, oihalak birziklatuz plaza apaintzeko banderatxoak josi ditugu, bakoitzaren lana aurkeztu eta zalantzak taldean argitu ditugu… Komunitate osoarentzat oso aberasgarria izaten ari da”.
Aurten, erdigunean jarri dira elkarbanatze prozesuak eta parte hartzea. Hala, jaira gerturatzen direnek, hainbat herrialdetako jakiak dastatzeaz eta komunitateko elkarteek antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzeaz gain, ikastaroak egiteko aukera izango dute.
Festa gaur arratsaldean aurkeztu dute udaletxeko portaloian. Ekitaldian Maialen Fidalgo zinegotzia, Oihana Merino teknikaria eta festaren antolaketan parte hartu duten gainontzekoak izan dira.