Jaurlaritzak 24 etxebizitza egingo ditu, adinekoentzat eta gazteentzat
Eusko Jaurlaritzak alokairuzko 24 etxebizitza egingo ditu Faustino Orbegozo geriatrikoa zegoen tokian, Beloki hiribidean. Adinekoentzat eta gazteentzat izango dira. Obra datorren urteko udazkenean hasiko da eta etxebizitzak 2027ko udaberrirako prest egotea espero da.
Gaur goizean lursaila bisitatu dute Mikel Serrano alkateak, Pedro Jauregi Etxebizitza jarduneko sailburuordeak eta Pablo Garcia Etxebizitza zuzendariak. Serranok Faustino Orbegozo geriatrikoa 1970eko hamarkadan eraiki zela eta Lamorous Argixao adinekoen egoitza eraiki zenean itxi zela gogoratu du. 2008an, hain zuzen ere. “Udala lanean hasi zen eta jaurlaritzak bertan alokairuzko 24 etxebizitza egitea lortu du. Horretarako, lursaila eskuratu behar izan genuen”.
Garciak 24 etxebizitzak logela batekoak izango direla eta horietako bat ezgaitasunen bat dutenentzat izango dela aipatu du. Eraikinak lau solairu izango ditu: behekoa eta beste hiru. Beheko solairuan 450 metro koadroko lokal bat egingo dute eta jaurlaritzak udalari utziko dio.
Eraikinean gazteak eta adinekoak biziko dira. Gazteei dagokienez, helburua beraien bizitza proiektuari hasiera ematen laguntzea da. Bost urte bizi ahal izango dira bertan, gehienez. 65 urtetik gorakoei dagokienez, beraien etxebizitza jaurlaritzaren Bizigune alokairu programari utzi beharko diote etxebizitza berri horietako batera joan ahal izateko. Helburua adinekoei etxebizitza irisgarriak eskaintzea da. Horretarako, udalak igogailu bat egingo du: Txurruka kalea eta eraikin berrira daraman espaloia lotuko ditu.
Adinekoek alokairu kontratua urtero luzatuko dute eta behar bezainbeste urte bizi ahal izango dira bertan.
Bestalde, lursailaren ondoan 1927an egindako ur depositu bat dago. Depositua eta bere ingurua txukundu egingo dira, aisialdi gune gisa erabili ahal izateko.