Protagonistak Pariseko gozotegi batean elkartzen diren emakume batzuk dira. Ekainaren 12an Rafa Gorrotxategiren txokolatearen museoan aurkeztuko du eta ekainaren 13an Donostiako Maitiana Gozotegian.
Liss Evermore idazle urretxuarrak Souvenirs d’un autre monde liburua aurkeztu zuen asteartean Urretxuko liburutegian. Protagonistak Pariseko gozotegi batean elkartzen diren emakume batzuk dira. XIX. mendean dago girotuta.
Evermorek ezizena erabiltzen du. Ez du jendeak bere berri izatea nahi, idazten duena irakurtzea baizik. Urte asko daramatza idazten. “Umetatik idazten dut. Lovecraften lanak irakurtzen zaletu nintzen. 1950eko hamarkadako idazle bat da. Beldurrezko eta zientzia-fikziozko lanak idazten zituen eta gauero irakurtzen nuen, izaren azpian, linternarekin. Oso gustuko nuen eta nik ere idaztea erabaki nuen. Duela bost urte buru-belarri ekin nion eta aurkeztu berri dudan liburu hau nire zazpigarren liburua da”, azaldu du Urretxuko idazleak.
Irakurritakoaren eragina
Beldurrezko literatura gustatzen zaio gehienbat. “Lovecraften prosa asko gustatu zitzaidan, baina ghost story delakoa ere gustukoa dut. XIX. mendeko generoa da: misterioa eta mamuak ditu ardatz eta oso lengoaia fina erabiltzen du. Historias de la cripta izeneko komikiek ere eragin handia izan dute nigan. Nire liburuetan hiru horien aztarnak daude”.
Hasieran beretzako idazten zuen, baina ondoren bere lanak argitaratzeari ekin zion. “Lehen liburuak nik neuk argitaratu nituen eta txikiagoak ziren. Pixkanaka, nire generoa, nire idazteko modua… zehaztu nituen. Profesionalizatu egin nintzen eta hau da nire laugarren liburua ordutik. Idazteaz gain, zuzenketak egiten ditut eta literaturari buruzko ikastaroak ematen ditut”.
Ezaugarri propioak dituela uste du. “Nire idazkera identifikatzeko erraza da, nahiz eta generoz aldatu. Oso metodikoa naiz. Eskaletarik gabe idazten dut. Inprobisatu egiten dut eta horrek nire liburuak berezi egiten dituela uste dut”.
Fares argitaletxearekin lan egin zuen eta egun, Estrella del Norterekin. “Lehenago argitaletxe txikiagoekin lan egin nuen. Hauek tamaina ertainekoak dira. Idazleek kontaktuak izateari, ezagun samarrak izateari, garrantzia ematen diote. Nik ez nuen kontakturik, baina nire aldeko apustua egitea lortu nuen. Egun, gehien saltzen dutenen artean nago. Green Waters eta Hotel Ferguson liburuak bigarren eta hirugarren edizioan daude jada”.
Liburu berriari dagokionez, XIX. mendeko Parisen dago girotuta. “Izenburua frantsesez da, Parisen girotuta dagoelako. Belle Epoque garaian Pariseko gozotegi batean elkartzen diren emakume batzuk dira protagonistak. Beraien txutxu-mutxuei buruzko liburua da: dibertigarria, freskoa eta entretenigarria. Garaiko nobela da eta hizkera arranditsua erabiltzen dut, baina aldi berean komikoa da”.
XIX. mendeko Parisen girotutako istorioa idazteko, garai hartan girotutako liburuak irakurri ditu. “Idatziz ikasten duzu idazten. Batzuk idazten ikasteko asko irakurri behar dela diote, baina nik idazten ikasteko asko idatzi behar dela uste dut. Baina liburu hau idazteko XIX. mendean girotutako liburuak irakurri ditut. Hortik hizkera hartu dut. Horretaz gain, dokumentazio lan handia egin dut. Izan ere, irakurlea XIX. mendera eraman beharra dut. Egia esan, liburu guztietan dokumentazio lan handia egiten dut”.
Aurkezpenak
Souvenirs d’un autre monde-ren hurrengo aurkezpenak gozotegietan egingo ditu. Izan ere, liburua gozotegi batean dago girotuta. Ekainaren 12an Rafa Gorrotxategiren Tolosako (Gipuzkoa) txokolate museoan aurkeztuko du eta ekainaren 13an Donostiako Maitiana gozotegian.