Urretxu, Ezkio, Itsaso, Zumarraga eta Legazpiko familiek, enpresa txiki eta ertainek eta merkataritza eta ostalaritza establezimenduek parte hartu ahal izango dute kooperatiban. 1.500 euro inguruko hasierako inbertsioarekin, parte hartzaileek energia nahikoa sortu ahal izango dute urteko kontsumo elektriko arrunta asetzeko.
Ekiola Urretxu energia kooperatiba martxan da eta bazkideak erakartzeko prozesuari ekin behar dio. Ekiola Urretxu eguzki energia kooperatiba bat da, instalazio fotovoltaikoko proiektu komunitario bat, familia eta negozioen energia beharrak asetzeko sortu dena, energia berriztagarrien eta ingurune eta etorkizun jasangarriago baten alde.
Urretxuko Udalak, Ekiola Energia Sustapenak SLrekin lankidetzan, duela hiru urte hasi zuen proiektua aurrera eramateko lanketa. Denbora honetan, Iturbe Behekoa baserriaren ondoan 1,5 hektareako azalera izango duen planta fotovoltaikoa egiteko beharrezkoak diren lursailak lortzeko kudeaketa lanak egin dira. Eremuak, 700 bazkide hartu ahal izango ditu, etxebizitza/establezimendu baten batez besteko kontratu baten argindar kontsumoa kontuan hartuta. Beraz, gutxi gorabehera, 1.800 pertsona inguru izan daitezke proiektu horren onuradun eta horrek, aldi berean, eragina izango du urretxuar komunitatean, Ezkio-Itsason eta haren hurbileko ingurune guztian. Izan ere, Ezkio-Itsasoko Udala ere proiektuaren parte da 2022tik eta urte horretan bertan, proiektua aurrera eramateko, Urretxuko Ekiola S.Coop energia kooperatiba sortu zen. Lurrak eskuratzeko izapideak egin eta obren lizitazio prozesua aurrera eraman ondoren, laster hasiko dira instalazioa sortzeko lanak eta planta fotovoltaikoa 2025erako martxan egotea aurreikusten da. Beraz, proiektua une erabakigarrian sartu da orain, eta kooperatibako kideek proiektua ezagutzera eman eta bazkideak erakartzeko prozesuari ekin diote.
Kooperatiban parte hartzeko, eguzki plakak edo plaken azalera erosi beharko da instalazioaren barruan. 1.500 euro inguruko hasierako inbertsioarekin, bazkideek urteko batez besteko kontsumo normal bat estaltzeko adina energia sortu ahal izango dute (2.200kWh/urteko), energia kooperatibaren kostu prezioa soilik ordainduta. Hortaz, prezio justua ordainduko da, merkatuko prezioaren mendekotasuna murriztuz.
Hasierako inbertsioa beste proiektu batzuetan baino txikiagoa da erakundeen eskutik lortutako diru-laguntzei esker. Izan ere, Ekiola Urretxuk 1.159.643,87 euroko diru-laguntza jaso du Europako Next Generation funtsetatik.
Ez da tokiko proiektu bat, instalazioak 25 kilometroko erradioan dauden udalerriak hornitu ahal izango baititu. Horregatik, lehen fase batean, proiektua Urretxu, Ezkio, Itsaso, Zumarraga eta Legazpiko herritarrei zuzenduta dago eta partikularrek eta familiek, ETEek eta merkataritza eta ostalaritza-establezimenduek parte hartu ahal izango dute.
Proiektu jasangarria eta interesgarria da, hiru arrazoirengatik:
Ekonomikoa da: kooperatibako kide izateak aukera ematen du energiaren kostu prezioa merkatuko batez bestekoaren azpitik izatea.
Jasangarria da: urteko batez besteko 2.200 kilowatt-orduko behar energetikoak %100ean asetzeko aukera ematen du 0 kilometro eguzki energia erabiliz, iturri garbia eta berriztagarria.
Kooperatiboa da: erabakiak era kolektiboan hartzen diren komunitate batean parte hartzeko aukera ematen du, erantzukizunak elkarbanatuz.
Plazak mugatuak dira eta izena emateko epea datozen egunetan zabalduko da, proiektua gizarteratzeko informazio saioekin batera. Halaber, bi informazio bulego irekiko dira, bata Ezkion eta bestea Urretxun.