Gaur goizean Santa Barbarako taberna-jatetxea ireki dute. Gainzuri ikastetxekoak Gainzuri Eguna ospatzen ari dira eta irakasleak eta gurasoak izan dira lehen bezeroak.
Gaur plater konbinatuak, hanburgesak eta ogitartekoak eskainiko dituzte. Bihartik aurrera, ohikoa izango dena eskainiko dute: asteburuetan 28 euroko menu berezia (hiru hasierako eta zortzi bigarren plater aukeran) eta asteartetik ostiralera, berriz, 15 euroko eguneko menua. Ostiral eta larunbat gauetan ogitartekoak, plater konbinatuak eta hanburgesak izango dituzte.
Taberna asteartetik igandera irekiko dute. Astelehenetan ez dute irekiko. Igandetik ostegunera 10:00etatik 18:00etara eta ostiraletan eta larunbatetan egun guztian. Izan ere, bi egun horietan aipatutako afariak ere emango dituzte. San Joan egunaren ondoren, asteartetik larunbatera egun osoan irekiko dute. Udako egun guztietan emango dituzte afariak, igandeetan ez ezik (astelehenetan ere ez, noski).
Santa Barbarako aterpetxea Amaia Iraolak eta Jordi Mancerak irekiko dute. Iraola Zumarragakoa da eta Mancera kataluniarra. Urretxun bizi dira. Biek esperientzia zabala dute ostalaritza munduan. Mugaritz eta Miramon Arbelaitz jatetxeetan lan egin dute, besteak beste. Baita Italian ere. Beraiekin batera Nekane Atorrasagasti, Neus Font, Emanuel Ramirez eta Uhaitz Oiartzabalek lan egingo dute.