Adin ezberdinetako herritarrek elkarrekin jolastuko dute bihar (asteazkena), 17:00etatik 19:00etara, Zumarragako Euskadi plazan. Herriko belaunaldi zaharrenen esperientziaz baliatuz, jolas ezberdinak probatu eta ikasteko aukera izango du adin tarte guztietako herritar orok. Gure-Txoko eta El Salvadro jubilatu elkarteen eskutik, eta Zumarragako Udalaren laguntzarekin, partxisean, antzarrean, dominoan, tabatan, kaniketan, bolatan, sokasaltoan… jolastuko dute.
Egitasmoaren helburua egun batez teknologia albo batera uztea eta adin ezberdinekoak elkartzea da. “Gaur egun teknologiak garrantzi handia du gure egunerokotasunean, eta nahiz eta esparru askotan hau onuragarria izan daitekeen, haurtzaroan ikaste eta jolas prozesuan duen eragina zalantzan jartzen da. Horregatik, herriko pertsona nagusiek izan zuten haurtzaroaren berri eman nahi da, inongo teknologiarik gabe, eta beraiek, lehenengo pertsonan, izan daitezela eurek zeuzkaten jolasen berri ematen dutenak. Jolas hauen bitartez, adin ezberdinekoen arteko loturak sortu nahi dira, aurreiritziak baztertuz, eta esperientzia aberasgarriak partekatuz, bai aisialdi mailan, baita ere maila emozionalean”.
Ekimen hau Kutxa Fundazioak eta Arantzazulab-ek sustatzen duten Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren parte da. Proiektu berritzaile honek gizartea 2030 Agendara hurbildu nahi du, gizartean inpaktu positibo bat modu erraz eta erakargarrian eragiteko. Iaz gose eza (garapen jasangarrirako bigarren helburua) izan zuen jomugan proiektuak, eta aurten Hiri eta Komunitate Jasangarriak dira aztergai (garapen jasangarrirako hamaikagarren helburua).
Hitzetatik Ekintzetara egitasmoari esker, kausa desberdinetan ekarpena egitea erraza, erakargarria eta dibertigarria da. Hirugarren sektore eko-sozialeko eragileekin lankidetzan, ekintza programa zabala osatu da: Klik Programa. Parte hartzea nahikoa da kausarekin inplikatzeko. Maiatzetik ekainera, 16 jarduera egingo dira lurralde osoan.