Bihar Ingurumenaren Eguna da. Hori dela eta, Uggasa garapen agentziak Energia Festa egingo du Urretxu-Zumarragan eta Legazpin, herritarrak sentsibilizatzeko eta informatzeko. Urretxu-Zumarragako festa ostegun goizean izango da, Areizaga-Kalebarren plazan. Legazpikoa, berriz, ostiralean izango da, elizaren atzealdeko parkean. Bi ekitaldiak 09:30etik 12:30era ospatuko dira.
Ikastetxeetako haurrak eta gaztetxoak Energia Festan egongo dira, posterrak erakusten, eskuorriak banatzen eta aholku errazak ematen. Horretaz gain, panelak jarriko dituzte ikusgai: Goierri garaiko energia fotovoltaikoaren ingurukoa eta hurbileko merkataritzari buruzkoa.
Energia Festan UGLE lanbide eskolak ere parte hartuko du. Plaka fotovoltaiko mugikorra eta aire sorgailua eramango ditu ekitaldira.
Horretaz gain, bertaratzen direnek mokadutxoa egiteko eta musikaz gozatzeko aukera izango dute. Modu jasangarrian, noski. Mokadutxoak eguzki sukalde parabolikoarekin prestatutuko dituzte (orojaleentzat zein beganoentzat) eta Dj Ekirok-ek eguzki energia erabiliko du festa girotzeko.