Schwarzenbruck-eko alkatea, hiru zinegotzi eta udal teknikari bat Urretxun izan ziren joan zen astean. Urretxu eta Schwarzenbruck 1991n anaitu ziren eta ordutik urretxuarrak askotan joan dira Alemaniara eta alemaniarrak beste horrenbestetan etorri dira Urretxura. Oraingo bisitak bi helburu izan ditu. Schwrzenbruck-ek 1.000 urte bete behar ditu eta urteurren ospakizunen berri eman diete urretxuarrei. Baita ospakizunetara gonbidatu ere. Bestetik, bi herrien arteko lotura sendotzeaz hitz egin dute. “Batzuetan penatu egin gara bi udalerrien arteko harremana kultura eta folklore elkartrukera mugatu delako. Gure helburua beti izan da lankidetza hori beste arlo batzuetara zabaltzea, hala nola garapen industrialera, hezkuntzara, zainketa ereduetara eta abar”, esan dute Markus Holzammer eta Jon Luqui alkateek. Hala, bisita honetan Gipuzkoako suhiltzaile parkeen kudeaketa sistemaz hitz egin dute eta Su Eskola bisitatu dute, Urretxuko Udalak gazteriarekin lotutako egitasmoen eta Tokiko Zaintza Ekosistemaren berri eman die eta Gogoa Mobility Robots enpresa eta Pagoeta bisitatu dute. Bertan, gune soziokulturala ezagutu dute eta Urretxuko Udalak bertan eraikitzen ari diren Aspaceko eguneko zentroaren eta adinekoentzako apartamentuen berri eman diete.