Ekiola Urretxu eguzki energia kooperatibak bere egitasmoa ezagutzera emateko eta bazkideak lortzeko informazio kanpaina abiatuko du aste honetan. Urretxu, Ezkio, Itsaso, Zumarraga eta Legazpiko familiek, enpresa txiki eta ertainek eta merkataritza eta ostalaritza establezimenduek parte hartu ahal izango dute kooperatiban. 1.500 euro inguruko hasierako inbertsioarekin, parte hartzaileek energia nahikoa sortu ahal izango dute urteko kontsumo elektriko arrunta asetzeko.
Bi informazio saio egingo dira: bihar (asteartea) Ezkioko udaletxean eta etzi (asteazkena) Urretxuko Labeaga aretoan. Biak 19:00etan izango dira. Bestalde, etzi (asteazkena) informazio bulegoak irekiko dira Ezkioko eta Urretxuko udaletxeetan. Ezkiokoa asteartetan (09:00-13:00 eta 14:00-18:00) eta ostegunetan (09:00-13:00) irekiko da eta Urretxukoa astelehenetan eta asteazkenetan goizez eta arratsaldez, ostegunetan arratsaldez eta ostiraletan goizez. Gainera, bihartik (asteartea) aurrera informazio guztia ekiolaurretxu.eus webgunean eskuragarri egongo da. Bertan, bazkide egiteko aukera egongo da. Zalantzarik izanez gero, asteazkenetik aurrera 747 445 749 telefono zenbakira deitu ahal izango da (edo whatsapp mezuak idatzi). Baita info@ekiolaurretxu.eus helbide elektronikora idatzi ere.