Inaugurazio ekitaldia bihar arratsaldean izango da
Mari Carmen Sanchezek Zumarragako Korta taberna utzi du. Erika del Mazo zumarragarrak hartu du erreleboa. Gaur ireki du eta inaugurazio ekitaldia bihar (ostirala) egingo du. 18:00etatik aurrera kroketak, iberikoak eta edaria banatuko dituzte bezeroen artean.
Del Mazok 29 urte daramatza ostalaritzan lanean. Bere amak Andoainen duten jatetxean lan egin zuen eta azken urteetan Zumarragako jubilatuen etxeko tabernan lan egin du. Bere taberna irekitzea erabaki du. “Beste batzuentzat lan egiteaz nekatu naiz. Irailera arte alabak (Irati Rodriguez) eta biok lan egingo dugu. Ondoren, beste norbait kontratatu beharko du. Izan ere, alaba unibertsitatera doa”.
Jangela Zumarragako jaien ondoren irekiko dute. “Jaien ondoren, eguneko menua, plater konbinatuak, kazuelatxoak… eskainiko ditugu. Santa Isabel egunean jaietsiera egiten dutenek ogitartekoak afaltzeko aukera izango dute, noski”.
Gaur arratsaldean irekitzeko asmoa zuten, baina goizean ireki behar izan dute. “Auzoko bizilagunek 10 egun daramatzate zain eta gaur goizean jendea barrura sartu zaigu. Arratsaldean irekitzeko asmoa nuen, baina jendea kafe eske hasi da eta… Eitzan bizi naiz eta ilusio handia egin dit jendea zain zegoela ikusteak. Pozik daude, auzoko batek hartu duelako”.