Larunbatean egingo dute, Zumarragako trintxerako karpan
Kultur Aterkia ekimenak kontzertua antolatu du larunbat honetarako. Tapia eta Leturiak eta Lin Ton Taunek joko dute, Zumarragako trintxerako karpan. 19:30ean Lin Ton Taunek joko du eta 22:30ean Tapia eta Leturiak. Sarrerak 15 euroan jarri dituzte salgai: entradium.com-en eta Motz eta Buhame tabernetan. Afaltzeko aukera ere izango da, 5 euroan. Afaria bi kontzertuen artean izango da.
Kultur Aterkia pandemia garaian sortu zen, kulturari bultzadatxoa emateko askoarekin. “Ekitaldirik ezin zen egin eta kultura sektore ukituenekoa izan zen. Gaizki pasa zuen denbora luzean”, gogoratu du Gaizka Oiartzabalek.
Egoera ikusita, herritar talde bat antolatzen hasi zen. “Lehen pausoa kultura kalera ateratzea izan zen. Herriko kultur eragileen proposamen ezberdinekin erakusketa egin genuen Urretxu eta Zumarragako kaleetan. Kalea eta kultura berpiztea izan zen helburua”, aipatu du Rikardo Babarrok.
Ordutik, urtero ekitaldiren bat antolatu dute: artelanak Eitzara eraman zituzten eta kontzertuak eta haurrentzako jolasak antolatu zituzten, Willis Drummonden kontzertua antolatu zuten… “Baina gure asmoa ez da kontzertuak bakarrik egitea. Emanaldi ezberdinak, liburu aurkezpenak, dokumental emanaldiak… egin nahi ditugu”, azaldu du Iker Mendizabalek. “Urrian intsumisioaren inguruko ekitaldia antolatu nahi dugu”, gehitu du Oiartzabalek.
Oraingoan Lin Ton Taun eta Tapia eta Leturia taldeen kontzertua antolatu dute. “Gure helburuetako bat publiko ezberdinak erakartzea eta beste eremu batzuetara zabaltzea da”, azaldu du Oiartzabalek. “Tapia eta Leturia formatu berriarekin etorriko dira: hamaika musikariz osatutako banda”, azaldu du Fernandezek. “Lin Ton Tauni dagokionez, Raul taldekidea hemen bizi da eta herrian jotzeak ilusio handia egiten dio. Lin Ton Taun 45 eta 55 urte bitartekoen soinu-bandako taldeetako bat da”, dio Oiartzabalek.
Fernandezek gazteei gonbita luzatu die. “Gazteak beraien playlist-etan ez dauden taldeen kontzertuetara joatera eta gauza ezberdinak entzutera animatu nahi ditugu. Talde emergenteak oso ondo daude, baina aurretik egindakoa ere bai”. Mendizabalek Kultur Aterkiaren ateak zabalik daudela gogoratu du.