Zumarraga Hiria haurren pilota txapelketa abian da. Lehen partidak ekainaren 3an jokatu ziren. Beloki pilota eskolak antolatutako txapelketa horretan prebenjamin, benjamin, kimu eta haur mailako pilotariek parte hartzen ari dira. Ligaxketako partidak eta kanporaketak ekainaren 20ra bitartean jokatuko dira, astelehenetik ostegunera, 17:15etik aurrera. Finalak ekainaren 26an jokatuko dira, 17:00etatik aurrera. Atzo arratsaldean neskek jokatu zuten. Urretxu-Zumarraga, Beasain, Idiazabal, Zestoa eta Nafarroako zazpi bikotek parte hartu zuten. Tartean, Maddi Cruz eta Lur Telleria herritarrek. Bederatzi partida jokatu ziren. Cruzek eta Telleriak bigarren partida, laugarrena eta zazpigarrena jokatu zituzten. Ondoren, lau bikote onenek finalerdiak jokatuko zituzten. Cruzek eta Telleriak ez zuten finalerdietara sailkatzea lortu. Lehen partida galdu egin zuten, bigarrena irabazi eta hirugarrena galdu. Finala Irati-Dunixe eta Izar-Janitz bikoteek jokatuko dute. Izar Etxezarreta idiazabaldarra da eta beste hiruak Iturengoak.