Urretxuko EH Bilduk EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu akordioari buruz egin duen balorazioaren harira polemika sortu izana sentitzen du
Urretxuko EH Bilduk EAJk Euskara eta Hezkuntza eskumenak orain arte gaztelera hutsean aritu den PSE-EEri esleitu dizkiola salatu zuen eta PSE-EEk EH Bilduren jarrera antidemokratiko eta sektariotzat jo zuen. EH Bilduk beraien balorazioaren harira polemika sortu izana sentitzen du. “Zehazki, Euskara eta Hezkuntza arloetako kudeaketaren ardura PSE-EEri esleitzeko erabakiari egiten diogun kritikari buruzkoa. Egiten dugun kritika politiko legitimoari erantzunez, EH Bilduri jarrera antidemokratikoa eta sektarioa leporatu zaio, akusazio larriak, gure balioekin eta jarrerekin bat ez datozenak. Gure herriaren aniztasuna errespetatzen dugu eta inoiz ez dugu zalantzan jarri udal ordezkaritzaren zilegitasun demokratikoa. Hala ere, onartzen dugu osoko bilkuran erabilitako gure hitzak ez direla egokienak izan. Azkenik, gobernu akordioari egiten diogun kritika berresten dugu. Ez da gardena izan, eta ez die urretxuarren beharrei eta lehentasunei erantzuten. Urretxuarren alde egiten dugun lana berresten dugu, baita gure balio eta idealen alde lanean jarraitzeko asmoa, horien artean kokatzen da euskararen normalizazioa lortzea”.