Gorka Santestebanek (Zumarraga, 1979) Kultur Zast! egitasmoa jarri du martxan, ekitaldien berri emateko. Kultur ekitaldiak iragartzen ditu eta ondoren beraietara joaten da eta bideoak egiten ditu.
Gorka Santesteban zumarragarra oso ezaguna da Goierrin, eskualdeko egitasmo ezberdinetan parte hartu baitu. Euskara eta komunikazioa bere bizitzako ardatz nagusiak dira eta horien inguruko proiektu ezberdinetan aritu da. KKinzona eta Ataun irratietan lan egin du eta urtero Martxoan Bertsoa lehiaketan parte hartzen du.
Oso euskaltzalea zara.
Euskarazko komunikabideak erreferenteak izan dira niretzat betidanik: Euskaldunon Egunkaria, ETB… Horien eskutik, bertsolaritzan murgiltzen hasi nintzen.
Urtero Martxoan Bertsoa lehiaketan parte hartzen duzu.
10-11 urte daramatzat Martxoan Bertsoa lehiaketan parte hartzen. Denbora oso azkar pasatzen da. Aurten, gainera, nik eman diet txapela irabazleei. Ohorea izan zen niretzat gaztetxeko finalaren ondoren txapela Legazpiko Bertso Olariak taldeko neskei ematea. Aukera hori eman zidaten eta oso pozik egin nuen. Oso bertsolari onak dira, gainera.
Zure bizitza ia osoa euskaraz egiten duzu.
Saiatzen naiz behintzat.
Euskaraz eta komunikabideez hitz egin duzu. Zure bi pasioak dira. Euskaraz bizi zara eta komunikazio proiektu ezberdinetan lan egin duzu.
Komunikabideen mundua asko gustatzen zait. Gipuzkoa FMn hasi nintzen. Ondoren, 12 urte eman nituen KKinzona Irratian. Eta Ataun Irratian beste lau urte eman ditut. Egun ez nago irratian, baina beste egitasmo bat dut eskuartean.
Zertan datza?
Kultur Zast! du izena. Instagramen profil bat egin dut, kulturaren inguruan hitz egiteko. Kultur agenda bat. Instagramen kontzertuen, erakusketen… berri ematen dut. Baita herrietako jaietako egitaraua ere. Horretaz gain, ekitaldietara joaten naiz eta zuzeneko txikiak egiten ditut. Bideoak. Kultura munduko jendeari elkarrizketa txikiak ere egiten dizkiet.
Nor elkarrizketatu duzu?
Urtzi Urkizu Berria egunkariko kazetariari, esaterako. ETBri buruzko liburua idatzi du [Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero]. Azpeitiko (Gipuzkoa) mago batekin ere egon naiz.
Kultur ekitaldien berri izan nahi duenak, badu nora jo.
Hori da. Oraingoz Instagramen gaude eta ez da gutxi. Izan ere, kultur ekitaldi asko daude igotzeko. Gustura nago, jendea ikusten ari baita.
Komunikazio mundua asko gustatzen zaizu. Nor da zure komunikatzaile kuttuna?
Naiz irratia asko entzuten dut eta Oihana Azkueren lana asko gustatzen zait, adibidez.
Nola ikusten duzu gizartea?
Kezkatuta. Gai asko daude salatzeko: Palestinako genozidioa, etxebizitzaren garestitzea, turismoa… Azken urteotan Hernanin (Gipuzkoa) bizi naizenez, Donostialdearen berri dut. Etxeak oso garesti daude, turistek Donostia hartu dute… Lehen udan bakarrik etortzen ziren, baina egun urte osoan zehar etortzen dira. Ekainetik aurrera ezin da Donostian ibili.
Gureak enpresan lan egiten duzu.
Legazpiko institutuan ikasi nuen eta 21 urterekin Gureak enpresan hasi nintzen. Oker ez banaiz, iaz 25 urte bete nituen Gureak enpresan. Urte horietako asko Legazpiko fabrikan eman nituen. Egun, Donostian lan egiten dut. Berio inguruan dago fabrika. Ni garbiketa lanetan aritzen naiz.
Nolatan Donostian?
Bizitzaren gauzak. Hernanira joan nintzenez bizitzera, Donostiako lantegira trasladoa eskatu nuen. Hernanin bizitzen jarraitzen dut, baina herrira itzultzeko asmoa dut. Eta horrekin, Legazpiko lantegira.
Denbora librean, zer gustatzen zaizu egitea?
Paseatzea. Mendialdean, baina batez ere, kostaldean. Bidaiatzea ere asko gustatzen zait. Duela aste batzuk, Santanderren (Espainia) izan nintzen. Gorka Hermosaren Iparragirreri buruzko ikuskizuna ikusi nuen eta, bidez batez, Kultur Zast!-en horren berri eman nuen. Oso gustura ibili nintzen. Ez nintzen aspertu. Oso egun polita izan zen.