Rikardo Babarro (Bilbo, 1961) irakasleak erretiroa hartuko du datorren astean. 36 urte eman ditu Urretxu-Zumarraga Ikastolan lanean, gaztelania eta literatura eskolak ematen. Euskalgintzan lan handia egin du.
Babarrok ez zuen Urretxuren berri heldu zenean, baina berehala egokitu zen eta hemen osatu zuen familia. Gainera, herriko hainbat ekimenetan parte hartzen du. Zintzo-Mintzo euskaltzale elkartearen sorreran parte hartu zuen eta Gure Eskuko eta Kultur Aterkiako kidea da. Zinegotzia ere bada, EH Bildurekin.
Non jaio zinen?
Bilboko San Adrian auzoan. Julio eta Patxi Salinas futbolariak ere bertakoak dira eta Laso pilotariaren aitona-amonak bertan bizi izan ziren. Harategia izan zuten, gure etxetik 500 metrora. San Adrian kanpotik etorritako langileen auzoa zen eta gure atarian denetik zegoen: andaluzak, galiziarrak… Etxeak udalarenak ziren.
Salinas anaiak ezagutzen al dituzu?
Bai. Ikastetxe berera joan ginen. Julio ni baino urte bat gazteagoa da eta Patxi ni baino bi urte gazteagoa. Gabonetako Haur Parkeko futbito txapelketan, Juliok eta biok talde berean jokatu genuen eta irabazi egin genuen.
Ze ikasketa egin zenituen?
Filologia Hispanikoa ikasi nuen. BBBko bigarren mailan (egungo DBH 4) Jon Juaristi idazlea izan genuen irakasle eta literaturak gu txunditzea lortu zuen. Eskolak ez zituen asko prestatzen, baina asko zekien. Gela horretatik hiru joan ginen Filologia Hispanikoa ikastera.
Non egin zenituen unibertsitate ikasketak?
Deustuko unibertsitatean. Garai hartan EHUn ez zegoen Filologia Hispanikoa ikasteko aukerarik.
Irakasle izan nahi al zenuen?
Karrera hori ikasi ondoren, ez zegoen aukera handirik. Naturalena irakaskuntzan aritzea zen. Gainera, gogoa piztu zitzaidan. Beraz, irakasle izateko masterra egin nuen. Gehienok egin genuen.
Nondik nora ibili zinen lanean Urretxura heldu aurretik?
Lehenengo lana Tolosako (Gipuzkoa) ikastolan izan nuen, ordezkapen bat egiten. Donostian bizi nintzen, lagun batzuekin. Getxo (Bizkaia) aldeko gurasoen kooperatiba batean ere lan egin nuen, baita Portugaleteko (Bizkaia) ikastolan ere, Asti-Lekun. Ondoren, Usurbilgo (Gipuzkoa) jaietatik Bilbora itzultzen ari nintzela, Egin egunkariko iragarki batean Urretxu-Zumarraga Ikastolak irakasle bat behar zuela irakurri nuen. Uztailaren 13an proba egitera etorri nintzen eta hartu egin ninduten. Urte hartako irailean hasi nintzen.
Urretxun espero zenuena aurkitu al zenuen?
Ez nuen erreferentziarik eta herri txiki bat izango zela pentsatzen nuen. Proba egitera etorri nintzenean, herrira sartzean enpresak ikusi nituenean, de Guatemala a guatepeor pentsatu nuen. Nora etorri naiz?. Ikuspuntu idilikoa berehala erori zitzaidan… Arkitekturari dagokionez bakarrik, e!
Asko kosta al zitzaizun herrira egokitzea?
Astean zehar Urretxun gelditzen nintzen, beste lankide batzuekin, pisu batean. Asteburuetan Bilbora itzultzen nintzen. Baina, pixkanaka, herriko ekimenetan parte hartzen hasi nintzen. Urolako trenari buruzko erakusketa bat egin zen eta, ez dakit zergatik, parte hartu nuen; Lurra taldearen dantza ikastaro batean parte hartu nuen… Handik hiru urtera Itziarrekin ateratzen hasi nintzen eta are gehiago integratu nintzen. Zintzo-Mintzoren eta lizeoko ikasle eta gurasoen eskutik ere sare soziala egin nuen. Horrek guztiak herrian integratzen lagundu zidan.
Onak izan al dira 36 urte hauek?
Sentimendu gazi-gozoa dut. Nire burua nekatuta ikusten dut eta prozesu naturala da, gainera. Gazteei lan egiten utzi behar zaie. Baina beste alde batetik, pena ematen dit. Gazteen artean egoteak bizipoza ematen du.
Gazteak asko aldatu al dira?
Gizartea aldatu egin da, guk geuk aldatu dugu, eta gazteak ere aldatu egin dira. Egungo gazteak ez direla lehengoak bezainbeste inplikatzen esaten da, baina denetik dago. Ez dituzte guk genituen motibazioak, baina gizartea guk geuk aldatu dugu. Nola ez dira ba aldatuko gazteak? Gizarte oso lehiakorrean bizi gara eta geroz eta gehiago eskatzen zaie. Gazteen artean indibidualismo puntu bat dago, baina hori gizarte osoan dagoen zerbait da. Dena den, guk gure garaian bezala, inozentzia eta bizitza deskubritzeko gogoa dituzte.
Nolako irakaslea izan zara?
Denboraren poderioz aldatu egiten zara. Askotan gogoratzen dut lankide ohi batek, Aitor Zubizarretak, esaten zuena: hasieran Sancho el Fuerte, gero Sancho el Sabio eta bukaerarako Sancho Panza. Niri ikasleei entzutea gustatu zait. Adin horretan hori behar dute. Nerabezaroan aldaketa asko ematen dira, askok konfiantza falta dute… gertu izango duten norbait behar dute. Bestalde, ikastetxe bat ez da bakarrik ikasgai sorta, baita horren inguruan sortzen diren aukerak: ikasbidaia, Euskaraz Bizi… Ekintza horietan irakasleen eta ikasleen arteko gertutasuna sortzen da. Eta ikasgaiarekiko interesa transmititzen ere saiatu naiz, noski: irakurzaletasuna eta ikuspuntu kritikoa.
Urtero ikasbidaira joan zara ikasleekin.
Ardura da, zerbait gerta daitekeelako, baina ez dugu inoiz arazorik izan. Kanpora joan garenetan, ikasleak ondo portatu dira. Bestalde, esan bezala, esperientzia horiek aberasgarriak dira: irakaslea zara, baina klasetik kanpo, beste testuinguru batean. Oso gustura joan naiz beti ikasleekin.
Anekdotaren bat?
Ez da anekdota, baina tira… Azken urteotan, nire lehenengo ikasleen seme-alaben irakaslea izan naiz. Eta ikasle ohi batzuk nire lankideak izan dira.
Ze asmo dituzu erretiroa hartzen duzunerako?
Mendira joatea, gehiago irakurtzea… irailetik aurrera ikusiko dut. Azken 36 hauetan sortu diren bezala, aurrerantzean ere zereginak sortuko dira. Ez naiz beldur. Ez dut uste bat-batean ezer egin gabe geldituko naizenik.
Kultur arloan eta euskalgintzan aritutakoa zara.
Urretxura heldu nintzenean, aberri berri bat deskubritu nuen: euskara. Bilbon hasi nintzen euskara ikasten eta hemengo lehen ikasturtearen ondoren Bilboko ikastola batera itzultzeko aukera izan nuen, baina dagoeneko ez nuen nire burua Bilbon ikusten. Hemen ez nuen ezer oraindik, baina garbi nuen hau nire tokia izan zitekeela. Hemen bizitzeak euskal munduan txertatzea ahalbidetzen zuen. Nire bizitza euskaraz egiteko aukera ematen zidan. Nire ama hizkuntza gaztelania da, baina argi izan dut beti euskaraz bizitzeko ahalegina egin behar nuela.