Sistema horri esker, kontsumitzen den energiaren %20-30 sortu ahal izango da. Ekimena Osakidetzako zentroetan jasangarritasun energetikoaren irizpideak betetzeko jarduketa-plan baten parte da, ekoizpen berriztagarria handitzera eta eredu iraunkorrago baterantz aurrera egitera bideratua.
Zumarragako osasun zentroan eguzki panelak jarri behar ditu Osasun sailak. Plaka horiek instalatzeko bideragarritasun-azterketa bat egin du eta 27 osasun zentro hautatu ditu, Urola Garaiko ESIa besteak beste. Tartean, Zumarragako anbulatorioko estalkian jarriko dituzte.
Osakidetzak energia berriztagarria sortzeko 1.538 plaka fotovoltaiko ezartzen hasi da Euskadiko 27 osasun zentro eta anbulatorioetan. Proiektu horri esker, eguzki-panelak kokatuko diren zentroetan kontsumituko den energiaren %20-30 inguru sistema horren bidez sortuko dela aurreikusten da.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban 1,4 milioi euro inguruko inbertsioarekin, eguzki energian oinarritutako elektrizitatea sortzeko sistema hori ezartzea Osakidetzaren zentroetan jasangarritasun energetikoaren irizpideak betetzeko jarduketa-plan baten parte da. Ekimenaren helburua da Osakidetzan energia-kontsumoak murriztea eta ekoizpen berriztagarria handitzea, eta horrela eredu jasangarriago baterantz aurrera egitea. Proiektu korporatibo honen helburua da zentroetako energia elektrikoaren eskaria partzialki era horretara hornitzea eta urrutirako ekoizpen eta banaketa elektrikoari lotutako CO2 emisioak murriztea.
Plakek sortutako energia haiek instalatuta dauden zentro bakoitzak kontsumituko du, eta une jakin batzuetan sor daitekeen soberakina sarera isuriko da; eta hori, aurrerago, faktura elektrikoan konpentsatuko da.