Goierri garaiko EH Bilduk kurtso politikoaren balorazioa egin du. Horra hor komunikabideetara bidali duen oharra.
“Hauteskunde aldi honek argi utzi du ziklo politiko aldaketa gertatu dela. Legazpi, Urretxu eta Zumarragako hauteskunde emaitzek EH Bilduren gorako tendentzia eta eskualdean koalizioa alternatiba gisa kontsolidatu dute. Legazpin azken bost hauteskundeetan lehen indarra izan gara; Urretxun, azken hirutan izan da EH Bildu garaile; eta Zumarragan lehen aldiz legebiltzarreko hauteskundeak irabazi ditugu. EH Bildu da Urola Garaiko herrietan ordezkaritza handiena duen alderdia, 15 zinegotzirekin, eta hauteskunde ziklo honetan herritarren %40ko babesa
jaso du orotara. Horrek guztiak esan nahi du, herritarrek konfiantza dutela EH Bildurengan eta ulertzen dutela zer den mahai gainean jartzen duguna.
Nabarmendu nahiko genuke Mankomunitatean azken legealdian egindako lana. Beti erakutsi dugu jarrera eraikitzailea, arduratsua eta lankidetzan jarduteko asmo irmoa, eta hori da gure nahia legealdi honetan ere. Sinesten dugu lau herriak elkarrekin eskualdearentzako garrantzitsuak diren proiektuak aurrera atera ditzakegula, eta horretarako estrategia bat eta plan bat behar dugula. Behar baina beranduago izan bazen ere, otsailean Urola Garaiko Mankomunitatea eratu zen, EH Bildu da ordezkaritza handiena duen alderdia, eta arduraz jokatu zuen lehendakaritza hartzeko prestutasuna agertuz, legealdirako bide orri bat, eta eskualde honek dituen erronkei erantzuteko akordio zabalak egiteko nahia.
EAJ eta PSE-EEk iazko uztailean Legazpin eta hilabete honetan Urretxu eta Zumarragan gobernu akordioak egin dituzte, zeina Mankomunitatera hedatzen den, EH Bilduk ez gobernatzeko helburu bakarrarekin. Tamalez, oraindik ez dugu inongo edukirik ezagutzen, legegintzaldiko hiru urteotan zein proiektu eta politika garatuko dituzten, eta egoera horren isla da oraindik Urola Garaia Mankomunitateko 2024ko aurrekontuak lantzeko daudela. Eskualdeak erronka garrantzitsuak ditu trantsizio ekosoziala, industria eta zaintzaren erronka besteak beste. Eraldaketa ekosozial sakon baten premia dugu eta eraldaketa hori sustatzeko herritarrak ahalduntzen jarraitzea ezinbestekoa da. Energia soluzioak gure lurraldean aurkitu behar ditugu, eta eskualdean berriztagarrien bi proiektu martxan ditugu, biak eguzki energiari lotutakoak, TEK eta Ekiola. Eskualdeko herritarrak bi proiektu hauek ezagutu eta trantsizio energetikoan urratsak ematera
gonbidatzen ditugu. EH Bilduk apustu garbia egiten du eskualdez eskualdeko garapenaren alde, tokiko garapen endogenoa bultzatuz, eta horretarako berebiziko agenteak dira garapen agentziak, UGGASA hain zuzen. Gipuzkoan lur industrial eskasi handia dugula kontuan hartuta, zorrotzak izan beharko dugu etorkizunean emango diogun erabilera planifikatzeko garaian. Eskualdean enpresa, eragile, sindikatu eta ordezkari politikoez osatutako industria mahai bat sortzea ezinbestekoa izango da, industria aurreratu, jasangarri, teknologiko, sozial, berdintasunezko, erresiliente eta pertsonengan oinarritutako bat erakartzeko. Horrez gain, legealdi honetan lehiakortasun estrategiaren berrikuspena egitea dagokigu, momentu egokia zein industria eredu ezarri nahi dugun erabakitzeko.
Eskualdeko III. berdintasun planaren garapenak ere garrantzia handia izango du legealdi honetan, zaintzen inguruan eztabaidatu eta hausnartu beharko dugu eskualdeko zaintza eredua definitzeko. EH Bilduren lehentasuna eskualdeko herritarren bizitza hobetzea da, eta izango da. Orain arteko jarrera aktibo eta eraikitzaileari eutsiko diogu aurrerantzean ere, hauteskundez hauteskunde herritarrek emandako mandatuari kasu eginez, eskua luzatzen diogu EAJ eta PSE-EEri eskualde honek dauzkan erronkei erantzuteko”.