Rakel Zabala urretxuarrak eta Jose Luis Idiakez zumarragarrak urrezko ezteiak ospatuko dituzte igandean. 1974ko San Joan egunean ezkondu ziren. Idiakez pilotaria izan zen. Zabalak ez du pilotan jokatu, baina errestalari bikaina da.
Rakel Zabala urretxuarrak eta Jose Luis Idiakez zumarragarrak urrezko ezteiak ospatuko dituzte igande honetan Zumarragako Ezkiotarra jatetxean. San Joan egunean beteko dira 50 urte ezkondu zirela. 50 urte hauetan ez dira aspertu eta ingurukoak ere ez dira aspertzen beraiekin. Eguerdiro ateratzen dira kalera, poteoa egitera eta bizilagunekin berriketan aritzera.
Idiakez 1945ean jaio zen eta Zabala 1946an. Oso gaztetatik ezagutzen dute elkar eta oso gaztetan hasi ziren elkarrekin ateratzen. “Rakel eta bere lagunak Zumarragara etortzen ziren dantza egitera”, dio Idiakezek. “Ez iezaiozu kasurik egin. Ez du elkarrizketa bat egiteko fundamenturik… Gu Zumarragara joaten ginen, baina bera nire atzetik ibiltzen zen beti. Hori bai, batzuetan existitzen nintzela ahazten zitzaion. Baina beti itzultzen zen. Bazekien zer komeni zitzaion…”, erantzun dio Zabalak. “Egia da, bere atzetik ibiltzen nintzen, baina batzuetan lanbrotan galtzen nintzen”.
Urte asko eman zituzten elkarrekin, ezkondu aurretik. 1974ko San Joan egunean ezkondu ziren, Arantzazun. “Urretxuko La Milagrosa elizan ezkondu nahi genuen, baina ez zegoen tokirik. Hori dela eta, Arantzazura joan ginen. Eztei bazkaria bertan egin genuen. Bazkariaren ondoren, Tirapuren taldeak jo zuen”, gogoratu dute.
Benidormera
Eztei bidaian Benidormera (Herrialde Katalanak) joan ziren. Autoan joan ziren. Bidean, Eibarren (San Joan jaiak ziren) eta Errioxan gelditu ziren. Autoa biek gidatu zuten. Izan ere, Zabala gidabaimena eskuratu zuen herriko lehenengotako emakumea izan zen. “Hiru emakumek genuen gidabaimena. Zumarragako batek eta Urretxuko bik: Rakel Alvarez de Arkaiak Zumarragan eta Eguzkiñe Agirrek eta biok Urretxun. Nik Seat 124 bat nuen, gerezi kolorekoa”, azaldu du.
Bi seme-alaba izan zituzten: Rakel eta Joseba. Lau biloba dituzte: Uxue, Xiker, Noa eta Mark. 50 urte hauetan denetik bizi izan dute, baina ez dute txantxetarako gogoa galdu. “Rakelek ez zuela ez altua eta ez ederra nahi, baizik eta langilea, esaten dut beti”, dio senarrak. “Nik, berriz, komuneko tapa jaitsiko duen batekin konformatzen naizela esaten dut”, erantzun du emazteak. “Azkenaldian jaitsi dut…”, “ez dakit noiz, beti zure atzetik ibili beharra dut!”…
Beraiekin hitz egitea pilota partida bat ikustea bezala da: batek gogor sakatzen du eta besteak are gogorrago errestatzen du. Ez da harritzekoa, Idiakez pilotaria izan baitzen. Aurrelari bikaina zen, artista, eta bi aldiz irabazi zuen herriarteko txapelketa Zumarragarekin.
Pilotalekuko pasadizoa
Zabalak makina bat partida ikusi zituen, noski. Baina hasieran ez zuen pilotako arauen berri eta senargaiak adarra jo nahi izan zion. Zabala errestalari ona da, ordea… “Niri ez zitzaidan pilota gustatzen eta Jose Luis ikustera joan nintzen lehen aldian, Altsasuko (Nafarroa) pilotalekuan, txapa jotzen zuenean txalo egiteko esan zidan. Niri ez zait deigarri gertatzea gustatzen eta jendeak ez zuenez txalo egin, nik ere ez nuen txalo egin. Eskerrak ez nintzen altxatu eta txalo egin!”, oroitu du.
Igandean ere ez dute txantxarik faltako. “Bazkariaren ondoren, ez dugu inora bidaiatzeko asmorik. Ez nago bidaiatzeko moduan. Igandean, Rakel dantza egitera aterako nuke, baina… Hori bai, krokodiloaren alkandora jarriko dut. Ezingo nuela uste nuen, baina kilo batzuk galdu ditut”. Dantza egiterik ez dute izango, baina dotorezia eta umorea ez dute faltako. Zorionak eta ondo pasa!