Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteak hurrengo asteetarako antolatu dituen ekitaldiak aurkeztu ditu. Uztailaren 1ean herri kirolari gazteak arituko dira Zumarragako plazan eta uztailaren 14an inguru honetan oso ezagunak ez diren herri kirol probez gozatzeko aukera izango da San Kristobalen.
Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteak ekitaldi ugari antolatu ditu hurrengo asteetarako. Astelehenean, San Joan egunean, auzotarrek herri kirol desafioa egingo dute Santa Barbaran; uztailaren 1ean herri kirolari gazteen saioa izango da Zumarragan, uztailaren 6an Urretxu eta Zumarragako idi proba txapelketako Zumarragako kanporaketa jokatuko da eta uztailaren 14an herri kirol ezberdinez gozatzeko aukera izango da Zumarragako San Kristobal auzoan. Urretxu eta Zumarragako idi proba txapelketan kanpoko idi pare batek parte hartuko du lehenengoz. Rafa Alegria bermeotarraren idiek, hain zuzen ere.
Ekitaldi horien guztien berri asteazkenean eman zuten, Zelai Arizti kultur etxean. Lehen ekitaldia astelehenean izango da: 13:15ean, Santa Barbarako auzotarrak elkarren aurka arituko dira. Proba eta proba artean, herriko bertsolariek abestuko dute.
Uztailaren 1ean, 12:30ean, sei kirolarik herri kirol saioa eskainiko dute Zumarragako plazan. Horietatik bost gazteak dira eta bi herrikoak. Sei parte hartzaileak Jon Zaldua aizkolaria (Xabier Zalduaren semea), Iosu Santxez harrijasotzaile eitzatarra, Unai Etxeberria aizkolari ezkiotarra, Olaia Esnaola harrijasotzailea (Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteko bazkidea den Joseba Esnaolaren alaba), Jakes Iruretagoiena Izeta V. harrijasotzaile eta aizkolari zarauztarra eta Oier Mitxelena aizkolari altsasuarra (Bixente Mitxelena segalariaren semea). “Herri kirolen etorkizuna bermatu ahal izateko gazteak behar ditugu eta hauei plazak ematearen beharra ikusten dugu”, esan zuen Izaskun Arrutik.
Hurrengo ekitaldia uztailaren 6an izango da: 18:00etan, Zumarragako plazan, Urretxu eta Zumarragako idi proba txapelketako Zumarragako kanporaketa jokatuko da. Lau idi parek parte hartuko dute: Ipeñarrieta baserriko Asier Izagirreren idiek (iazko irabazleak), Patxi Aranberriren idiek, Iker Zubillagaren idiek eta Rafa Alegria bermeotarrearen idiek (Joseba Argiñanok Rafa Alegriari egindako elkarrizketa ikusteko, sakatu hemen). Aurtengo txapelketa, 21.a, berrikuntzekin dator: lehenengoz idiak pisatuko dituzte (1.400 kilotan sartu beharko dira) eta lehenengoz kanpoko idi pare batek parte hartuko du. Herrian geroz eta idi pare gutxiago daudelako hartu da erabaki hori. Idiak pisatzearen helburua, berriz, lehia ikusgarriagoa egitea da. Gainera, proba gehienetan idiak pisatu egiten dira.
Urretxuko jaietako saioan ere idi horiek parte hartuko dute. Bi saioetako markak batuko dira eta hiru onenak Santa Lutzi eguneko finalera pasako dira.
Herri Kirol Elkarteak hurrengo asteetarako antolatu dituen ekitaldiekin bukatzeko, uztailaren 14an San Kristobal auzoan jaialdia egingo dute. 12:00etan hasiko da. Oso saio berezia antolatu dute, Mutriku sokatira taldearen laguntzarekin. Sei herri kirol ezberdinez gozatzeko aukera izango da, horietako hiru Iparraldekoak. Tartean, lasto altxatzea, lasto botatzea eta orga jokoa. Sokatira ere egingo dute, noski. Saioaren amaieran pintxoak jateko aukera izango da, trikitilariek girotuta.
Hurrengo bi saioak udazkenean izango dira: Santa Anastasia jaietako idi proba eta sokatira. Kuadrillen eguneko sokatira txapelketak beherakada izan du eta Herri Kirol Elkartekoek adin guztietako herritarrak parte hartzera animatu zituzten. Ondoren, Buzkantza Eguneko, San Martin eguneko, Santa Lutzi eguneko eta Gabonetako herri kirol saioak helduko dira. “Elkartea osatzen dugun bazkideak gogoz, ilusioz eta motibazioz beteak gaude gure kultura eta kirol ondare diren herri kirolen alde lanean jarraitzeko eta bizitza oparoa izan dezaten bermatzeko. Gure elkarteko ateak zabalik daude nahi duen ororentzat. Harremanetan jartzeko, uzherrikirolak@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezakezue”, amaitu zuen Arrutik.