Santa Isabel jaietan, Zumarragako Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun sailak prebentzioa du ardatz. Aurreko urteetako jarduerekin jarraituz, materiala banatzeko karpa bat jarriko da: eskumuturrekoak, txapak… Ekainaren 28an (LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna) ortzadarraren koloreak dituzten eskumuturrekoak banatuko dira.
Horretaz gain, ostalaritzan kartel batzuk banatuko dira, jai giroan eraso sexistaren bat ikusi edo jasanez gero egin beharrekoarekin. Era berean, urtero egiten den bezala, eraso sexisten aurrean erantzuteko protokolo instituzionala berrikusi da.
Jaietako ekitaldiei dagokienez, ekainaren 26an (asteazkena), 19:30ean Zelai Ariztin, Virginia Imazek Sex o no sex ikuskizuna egingo du. Imazek, modu ludiko eta umoretsuan, eta sexu harreman osasungarriei buruz hausnartuko du. Sarrera librea izango da.
Azkenik, ekainaren 29an, larunbata, 17:00etan, Azokako arkupeetan, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, ipuin kontaketa saioa egingo da haurrek aniztasuna barneratzeko. Interesatuek Zumarragako Udalaren web orrian (www.zumarraga.eus), sare sozialetan edo gazteria@zumarraga.eus helbidera idatzita eman behar dute izena, ekainaren 27a baino lehen.
Zumarragako Udalak indarkeria sexistarik gabeko jaiez gozatzera animatzen ditu herritarrak.