Kepa Etxanizek (Azkoitia, 1951) eta Nekane Bastarrikak (Zumarraga, 1952) urrezko ezteiak ospatuko dituzte larunbatean. 1974ko San Pedro egunean ezkondu ziren, Pagoetako pasiotarren elizan, Bastarrikaren anaiarekin eta bere bikotearekin batera. Bazkaria Ezkioko Arantzazu hotelean egin zuten eta eztei bidaia Palma de Mallorcara (Herrialde Katalanak) egin zuten. Bi alaba izan zituzten, Alaitz eta Aloña. Lau biloba dituzte: Iratxe, Saioa, Uxue eta Intza.
Etxaniz eta Baztarrika Errioxako Ezkarai herriko San Lorenzo mendiak elkartu zituen. 1969ko urriaren 26an Goierri kirol elkartearen mendi sailak San Lorenzora irteera antolatu zuen. Asmoa, mendira igo eta ondoren Ezkaraien paella jana egitea zen. Baina lainoa sartu zen eta Urretxuko eta Zumarragako mendizale asko galdu egin ziren. Hurrengo egunean jende asko joan zen Urretxu eta Zumarragatik Ezkaraira, galdutakoen bila. Errioxarrek ere bilaketa lanetan lagundu zuten. Galdutako batzuk Ezkaraitik oso urruti azaldu ziren. Etxanizek eta Bastarrikak mendi irteera hartan parte hartu zuten. Mendi irteeraren ondoren festa bat egin zuten eta Etxaniz eta Bastarrika festa haren ondoren hasi ziren elkarrekin ateratzen.
Etxanizek eraikuntzan lan egin zuen eta Bastarrikak Badi orrazi lantegian. Zaletasunei dagokienez, Etxaniz pilotaria izan zen eta Bastarrika txistularia.
Urrezko ezteiak larunbatean ospatuko dituzte. Musika eskolako lorategian argazkiak aterako dituzte eta ondoren Ezkiotarra jatetxean bazkalduko dute. Bidaia dagoeneko egin dute: Benidormen (Herrialde Katalanak) izan dira.