Guztira sei bikotek hartu dute parte. Txapelketa Zumardi elkarteak antolatzen du udalarekin eta Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrarekin elkarlanean.
Lezoko Maren Galvezek eta Sopelako (Bizkaia) Gorka Granadok osatutako bikotearentzat izan da, gaur eguerdian jokatu den Zumarragako 51. Dantza Sueltoko txapelketako sari nagusia. Zela Arizti aretoa jendez bete da eta sei bikotek hartu dute parte guztira, —hasiera batean zazpi ziren etortzekoak, baina azken unean bikote batek huts egin du—. Txapelketa Zumarragako Zumardi elkarteak, Zumarragako Udalak eta Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrak elkarlanean antolatzen dute.
Bigarren saria Katerin Artola (Oiartzun) eta Iker Belintxonentzat (Lezo) izan da, eta hirugarrena, Azpeitiko Laura Bastida eta Ekain Uzkudunentzat. 74, 73 eta 68 puntu jaso dituzte bikote irabazleek, hurrenez hurren. Arantxa Garin epaileetako batek adierazi duenez, “oso maila altuko” txapelketa izan da, eta “gaur egun, Euskal Herrian dauden dantza sueltoko dantzari onenak” bildu dira Zumarragako txapelketan.
Parte hartzaile gehienak gipuzkoarrak izan dira, eta ez da harritzekoa, Garinek azaldu duenez, “ohituragatik Gipuzkoan beti bikote gehiago” egon izan direlako. Gainontzeko parte hartzaile guztiak azpeitiarrak izan dira Hegoa Aizpuru eta Izaro Arandia, Jone Arriaran eta German Aranburu eta Alaia Amubieta eta Amets Amubieta.
Zumarragako Antxinako Ama Txistulari taldeak eta Zumarragako Trikitixak jarri dute musika. Zortzina pausoko arin-arina eta fandangoa dantzatu behar izan ditu bikote bakoitzak.