Urretxuko Smartlog Group enpresa Eibar futbol taldearen gizonezkoen eta emakumezkoen taldeen babesle nagusia izango da datorren denboraldian. Urtarrilean emakumezkoen lehen taldea babesteari ekin zion eta datorren denboralditik aurrera bi taldeak babestuko ditu.
Amaia Gorostiza Eibar taldeko presidentea eta Xabier Zubizarreta Smartlog taldeko zuzendari nagusia gustura azaldu dira. “Bertako enpresak gara, baina anbizioarekin eta etorkizuneko proiekzioekin. Lankidetza hau oso emankorra izan daiteke bi aldeentzat eta oso pozik gaude hurrengo denboraldietan gure izenak elkartuta eramateaz. Balio asko partekatzen ditugu, hala nola iraunkortasuna, berdintasuna, benetakotasuna eta ahalegina, eta pozik gaude bat egiten dugulako gure ingurunean ekarpen positiboa egiteko”, esan du Gorostizak. “Smartlogen oso pozik gaude Eibarrekin sinatutako akordio honekin. Jasangarritasuna eta gizarte erantzukizuna euskarriak dira gure estrategian eta akordio honek konpromiso hau indartzen du, gure balore berberak dituen talde bati batu eta kirolean zein gure inguruan eta gizartean eragin positibo bat sustatuz”, aipatu du Zubizarretak.
Smartlog enpresak Urretxuko Mugitegi industrialdean du bere egoitza. Smartlog Gorka Sudupe urretxuarrak eta Zubizarretak jarri zuten abian duela zortzi urte, Uggasaren laguntzarekin. Egun, munduko herrialde ezberdinetan hedatuta daude. Intralogistikaren munduan soluzio automatizatuak eskaintzen dituzte. Enpresa bakoitzari soluzio pertsonalizatua eskaintzen diote. Enpresaren egoera aztertu ondoren, hobeto dagokion sistema robotizatua jartzen dute martxan.