Santa Isabel jaietako haurren egunean Agintari txikiek agintea hartu dute eta egun osoan haien eginkizunetan ibili dira herriko ekitaldi desberdinetan.
Ekainaren 28an eman zieten hasiera aurtengo jaiei Zumarragan. Santa Isabel jaietan egitarau oparoa izan dute eta hala izango dute aurrerantzean ere uztailaren 6ra bitarte. Gaurkoan, hala ere, egitarau honetan etxeko txikientzat berezia den eguna izan da: haurren eguna. Hau hala izanik, zumarragar txikiak izan dira nagusi. Goizeko 11:00etan udaletxeko aretoan elkartu dira gaurko protagonistak, agintari txikiak, eta aginte-makila hartu du Zumarragako alkatearen eskutik Amets Santiago Blancok. Berekin izan ditu zinegotzi txikiak ere:Leize Zangitu Arrizabalaga, Arhane Ferrando Moro, Maddi Goenaga Berakoetxea, Oier Otermin Etxaniz, Martina Nuñez Moreno, Aner Calvo Zabaleta, Nahia Lopez Zufiaurre, Oihan Torner Mendizabal, Danel Gonzalez Rocandio, Elene Ledo Palmero, Alba Seco Benitez eta Ruben Vazquez Redondo.
Herriaren zaintza bermatuko duelako hitza eman eta egunari hasiera eman diote agintari txikien eskuetan utzita Zumarraga. Agintari txikiek, gainera, haien eginkizunak bete behar izan dituzte gaurkoan egun osoan zehar. Irrintzi Dantza taldeko txikiek emanaldia eskaini dute agintaritza alkate txikiak hartu ondoren eta adi-adi egon dira bertan ere agintari txikiak. Ondoren, haur jolasak izan dituzte eta arratsaldean, berriz, haurren danborrada. Azken honetan ere presentzia nabarmena izan dute agintari txikiek.