Urola Garaia mankomunitateak kirol elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko proiektua prestatu du. Egitasmoaren izena Jauzi Kualitatiboa da eta luzera jauzi bat du irudi. Egitasmoa gaur aurkeztu dute, Urretxuko udaletxean. Ekitaldian, Jon Luqui mankomunitateko lehendakariak, Edurne Matias Legazpiko Euskara zinegotziak eta Emun kooperatibako Mikel Perezek hartu dute hitza.
Luquik mankomunitateko udaletako Euskara sailek landu duten jauzi kualitatiboak bi osagai edo bultzada izango dituela esan du. “Batetik, ikerketa kualitatibo bat, esku hartzeak abiatzea helburu izango duena. Bestetik, udalok aurten plazaratu berri dugun diru-laguntza berri bat kirol elkarteetako entrenatzaileek egin ohi dituzten formazioak euskaraz egin ditzaten bultzatzeko. Urola Garaiko mankomunitatearen jauzi kualitatibo hau euskararen erabileran, bide berrietatik, urrunago iristeko saiakera bat eta apustu bat da. Bidelagun onenekin: gure kirol elkarteekin”.
Ikerketa kualitatiboari eta esku hartzeari dagokionez, mankomunitateak 16 urtez azpiko eskola kirola euskalduntzeko ikerketak egin ditu azken urteotan. “Aurreko ikerketekin alderatuta, bi berrikuntza izango ditu aurtengoak: ikerketa kualitatiboa izango da esku hartzea abiatzea izango du helburu. Hau da, ikerketa esku hartze bat diseinatu ondoren bukatuko da. Eta esku hartze hori abian jarriko da. Era horretara, 16 urtetik beherako kirola euskalduntzeko jauzi kualitatiboa egingo dugu eta Urola Garaiko kirol elkarteak eurak izango dira horretarako bultzada. Hargatik, beste behin, euren parte hartzea eta ahalegina eskertu nahi dugu, kirolzale gazteenak euskalduntzeko egiten duten ahaleginarengatik”.
Emun kooperatiba arduratuko da ikerketaren eta esku hartzearen diseinua koordinatzeaz. Perezek eman du ikerketaren berri sakonagoa. “Euskararen erabilera normalizatzeko, euskarak funtzioak hartu behar ditu, askotariko erabilera eremuetara zabaldu. Aisialdia hizkuntza sozializaziorako funtsezko euskarri bilakatu zaigu eta, beraz, estrategikoa da euskararen biziberritze prozesuan. Hain zuzen ere, kirola da haur eta gazteen sozializazio eremu funtsezkoenetakoa. Gainera, esparru formalaren eta informalaren artean dago. Aisialdi monitorizatu hori eremu formalaren eta informalaren arteko zubia da: erabat estrategikoa euskararen erabilera areagotzeari begira”.
Perezek orain arte egindako lana ere gogoratu du. “Mankomunitateko Euskara zerbitzuak, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalek, eskualdeko kirol esparruan lanean dihardute azken urteotan, euskararen erabilera areagotzeko eta eskualdeko kirola euskararen arnasgune bilakatzeko. Bide honetan, 2020. urtetik, euskararen erabileraren inguruko ikerketa zehatza egin dute ia urtero: eskualdeko kirol elkarteetako entrenatzaile, begirale, delegatu eta laguntzaileei, talde bakoitzeko euskararen erabileraz galdetu zaie, 16 urtez azpiko kirolariek entrenamenduak batez ere zein hizkuntzatan jasotzen duten jakiteko. Orain, Urola Garaiko kirolean euskararen erabilera areagotzeko esku hartzeak diseinatu eta bideratu nahi ditugu. Horretarako, 2024an (ekainetik abendura bitartean) hurrengo urteetarako estrategiak identifikatzen lagunduko duen diagnostikoa egin nahi dugu”.
Horrela, diagnostiko kualitatiboa egingo dute aurreko urteetako ikerketa kuantitatiboen osagarri, hurrengo urteetarako estrategiak zehazteko. “Lehendabizi, orain arteko diagnostiko kuantitatiboetako emaitzak aztertu dira (garrantzitsuak diren emaitzak jaso eta ondorioak atera dira). Diagnostiko kualitatiboa egiteko, 8 elkarrizketa egitea aurreikusten dugu 11 bat pertsona eragilerekin. Batzuk bakarkako elkarrizketak izango dira eta beste batzuk bikoak edo hirukoak. Elkarrizketekin, ahal dela, orain hastea gustatuko litzaiguke. Uztaila-iraila bitartean elkarrizketak eginda izatea aurreikusten dugu”.
Lagina aukeratzeko helburu psikosoziolinguistikoa hainbat aldagairen araberako profilak bermatzea izan da. “Hurrengo aldagaiak hartu dira kontuan: kirol entitatearen dimentsio izaera, kirol entrenamenduetako hizkuntza ohitura, eragileen euskara gaitasuna eta elkarrizketatuaren generoa zein kirol entitate bakoitzean dauden kirolariak generoaren arabera”.
Elkarrizketen ondoren, irailean eta urrian zehar, Emunek datuak prozesatu eta ondorioak aterako ditu. “Mankomunitateari aurkeztuko dizkiogu eta datu kuantitatiboekin erkatuta, irakurketa osoa adostuko dugu bi aldeon artean. Balorazioa ere egitasmoaren amaierako txostenean txertatuko da. Azken emaitzaren aurretik eta ordura artekoak osatzeko, bi aurkezpen saio antolatu nahiko genituzke, kirol elkarte guztiekin, diagnostiko kualitatiboaren emaitzen berri emateko eta aurrera begirakoez hausnartzeko. Bat Ezkioko eta Urretxu-Zumarragako kirol entitateekin eta bestea Legazpiko kirol entitateekin. Behin betiko emaitzak abenduan zehar izatea espero dugu”, amaitu du Perezek.
Jauzi kualitatiboaren bigarren bultzada entrenatzaileen formaziorako diru-laguntza da. Matiasek eman du horren berri. “Gure herrietako kirol elkarteetako entrenatzaileen euskararen ezagutza maila gorantz doa, eta horrek kirolean euskararen erabilera bultzatzeko eta indartzeko aukera eskaintzen digu. Entrenatzaileak oso garrantzitsuak dira taldeetako euskararen erabileran eragiteko. Hainbat erakundetatik entrenatzaileentzako formazioa sustatzen ari dira eta formazio horiek euskaraz jasotzeak berebiziko garrantzia du euskararen erabileran. Izan ere, entrenatzaileek formazioa euskaraz jasotzeak, landutako ezagutzak kirolariei euskaraz transmititzen lagunduko du”.
Aldi berean, udalen diru-laguntzak kirolari ere on egingo dio, formazioak diruz laguntzeak entrenatzaileak formatzera bultzatu baititzake. Hala, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalek entrenatzaileek euskaraz jasotzen dituzten formazioak ehuneko ehunean lagunduko dituzte diruz. Entrenatzaileek urriaren 31 baino lehen aurkeztu behar dute eskaera dagokien udalean. Udal bakoitzak 3.000 euro bideratuko ditu horretarako.