Zumarragako EH Bilduk "aparkalekuen eta mugikortasunaren arazoa" konpontzeko proposamena aurkeztu du
Azken urteetako auzo bilerei jarraipena emanez, maiatza eta ekainean zehar, Auzo Bihotz ekimenaren baitan, erdialdeko bizilagunekin bildu dira Zumarragako EH Bilduko kideok. “Kanpainan hartutako konpromisoa betez”, bizilagunekin bilera irekiak egiten jarraitu dute. “Argi dugu era antolatu eta programatuan egin behar direla parte hartze prozesuak: entzun, elkarrekin landu eta deboluzioa eman herritarrei. Egiteko modu baten erakusgarria dira baita ere prozesu hauek. Parte hartze prozesuak egituratuak dira edo ez dira”. Landu duten gaietako bat aparkalekuena eta mugikortasunarena da. EH Bilduren ustez arazo bat dago eta proposamen bat aurkeztu du hori konpontzeko. Horra hor komunikabideetara igorri duten oharra.
“Aparkalekuekin eta mugikortasunarekin zegoen arazoa ikusirik bilera eskaera egin genion alkateari. Bileraren eskarian gure prestutasuna agertzen genuen diagnostiko bat konpartitu eta arazoari elkarrekin irtenbide bat emateko. Zoritxarrez gaur da eguna martxoan egindako bilera eskaera horrek erantzunik izan ez duena.
Auzo Bihotz ekimenaren barruan egin ditugun bilera hauek gure bizilagunen kezka, kexa eta proposamenak jasotzeko oso baliagarriak izan dira. Prozesu honetan, lehen bileran herritarrekin hobetu beharrekoen eta mantendu beharrekoen diagnostiko bat egin genuen. Hurrengo bileran, jasotako arazoei irtenbide bat emateko proposamen desberdinak jorratu ziren. Azkenik, udaletxera eraman diren proposamenak herritarrekin adostuak izan dira. Bi lan saio egin genituen eta orotara 25 bizilagunek hartu dute parte.
Beste hainbat gaien artean, mugikortasunaren inguruko lanketak garrantzia berezia izan du erdialdeko bileretan. Herrigunean, gai honekin arazo bat dugula ondorioztatu dugu bileretan. Bestalde, udaberrian konpromisoa hartu genuen herritarrekin batera proposamen bat lantzeko honen inguruan. Ondorioz, bilera hauek proposamen hau lantzeko ere baliatu ditugu eta ostiral honetan, hilak 5, Zumarragako EH Bilduk sarrera eman diogu udaletxean proposamen honi.
Seguruena gure proposamena ez da perfektua izango, ez ditu herritar guztiak asebeteko eta izango ditu hobetzekoak; baina mugikortasun eta aparkaleku arazo handia daukagu eta arazoari irtenbidea emateko saiakera egin dugu. Kontziente gara bi udal, baina erdigune bakarra osatzen dugula Zumarragak eta Urretxuk eta promosamen bakarra izatea lortu beharko genukeela, baina arazoari behin-behineko irtenbide bat emateko saiakera zintzoa, gardena eta egingarria da aurkeztu duguna.
Proposamenaren ildo nagusiak hurrengoak dira:
-
● TAO sistema berria ezartzea: sinpleagoa, egoiliarren eta merkatarien beharrak kontutan hartuko dituena eta benetako errotazioa bermatuko duena.
-
● Peatonalizatu edo erdipeatonalizatu diren eremuak hobetu eta bizilagunekiko gertutasuna bermatzea.
-
● Zelai Arizti eta geltokiko parkinen inguruko kudeaketa proposamen berriak.
-
● Mugikortasun sistema kolektiboa ezartzea: Auzo busa.
-
● Galdu diren aparkalekuei irtenbidea emateko proposamenak aurkeztu dira.
Zumarragako EH Bildutik PSE eta EAJren udal gobernuari elkarlanerako eskua luzatzen diogu, modu eraikitzailean herritarron arazoei aurre egiteko. Denon artean proposamena hobetzea posible dela ziur gaude, geurea ez baita planteamendu itxi bat. Izan ere, irtenbide egingarriak aurkeztu ditugun arren, denetan adostasun bat izatea agian zaila izango da. Dena dela ere, Zumarraga bizigarriago bat lortzeko bidean lanean jarraituko dugu”.