Ibarzabalek Diabulus in Musica talde iruindarrean jotzen du. Solarrek taldeari eta Ibarzabali babesa eskainiko die.
Aimar Ibarzabal gitarrista urretxuarrak Solar Guitars gitarra marka suediarrarekin fitxatu du. Solarren irudia izango da eta gitarrak merkeago salduko dizkiote. Ibarzabalek Iruñeako Diabulus in Musica taldean jotzen du.
Ibarzabalek Informatika eta Kirol Monitore ikasketak egin zituen. Kirol monitore eta musikari bezala lan egiten du. Hamazazpu urte daramatza gitarra jotzen: 15 urterekin hasi zen. “Umetan musika eskolara joan nintzen, baina ondoren utzi egin nuen. 15 urterekin musika ikasketak berreskuratzen saiatu nintzen, gitarra jotzen hasi nintzenean, baina segituan utzi nuen. Autodidakta naiz. Egun, Internet bidez ikasi daiteke”, azaldu du.
Lagun baten eraginez hasi zen gitarra jotzen. “15 urterekin lagun baten etxera joan nintzen eta bere anaia nagusiak gitarra bat zuela ikusi nuen. Sokekin jolasten hasi nintzen eta sentsazioa gustatu egin zitzaidan. Handik bi astera nire urtebetetze eguna zen eta amari gitarra bat nahi nuela esan nion. Gitarra elektrikoarekin hasi nintzen, zuzenean. Baina akustikoa jotzen ere ikasi dut”.
Asko gustatzen zaio instrumentu hori. “Sentsazioak asko gustatzen zaizkit. Primeran pasatzen dut gitarra jotzen eta buruarentzat erronka moduko bat da. Nire pasioa da. Gustatzen zaizkidan abestiak jotzea oso atsegina da”, aipatu du.
Gustuko taldeak
Metala eta rocka gustatzen zaizkio, batez ere. “Muturreko metaletik rock klasikora, denetik jotzen dut. Ez diot ezeri ezetz esaten. Nire talde gustukoenak Metallica, Annihilator, Nightwish metal sinfoniko taldea… dira. Eta hemengoen artean, Su Ta Gar, noski. Nire betiko erreferenteak dira”.
Ibarzabalek hainbat taldetan jo du. “Urretxuko Taupada taldean hasi nintzen. Metal melodikoa egiten genuen. Ondoren, Donostiako Gabezia taldearekin fitxatu nuen. Geldialdi bat egin nuen, Youtubeko nire egitasmo pertsonalari bultzada emateko, eta hortik urte batzuetara Iruñeako Diabulus in Musica taldekoek deitu zidaten. Europako metal sinfoniko talde garrantzitsuenetakoa da”, azaldu du.
Diabulus in Musica
Oso pozik dago. “Lauzpabost urte neramatzan talde batean jo gabe eta 30 urterekin berriro aukera hori eman zidaten. Oso gustura nago. Bi urte daramatzat beraiekin. Sartu nintzenetik, hogei bat kontzertu eman ditugu. Aurten pixka bat gutxiago jotzen ari gara, diskoa prestatzeko. Datorren urtean bira handi bat egiteko asmoa dugu, Europan zehar. Estatutik kanpo Estatuan baino gehiago jotzen dugu. Izan ere, kanpoan ezagunagoak gara. Ingelesez abesten dugu eta duela urte asko jada Napalm Rercords-ekin fitxatu zuten. Musika mota hori lantzen duen diskoetxe handiena da eta kanpora eramaten gaitu. Azken bi kontzertuak Alemanian eta Frantzian egin ditugu. Galiziako Resurrection Fest jaialdian ere jo genuen”, gogoratu du Urretxuko gitarristak.
Egungo baliabideekin, ez da nekeza Iruñeako talde batekin jotzea. “Kontzertu bakoitzaren aurretik bitan edo hirutan gelditzen gara. Etxeko lanak egin ondoren elkartzen gara. Hilabetean bitan-edo joaten naiz Iruñeara”.
Bere lan onak Solar Guitars ekoizlearen arreta ere piztu du. “Beti erabili dudan marka da. Betidanik gustatu zaizkit marka horretako gitarrak, soinu, estetika eta erosotasunagatik. Gitarrei Evertune zubia jarri zieten lehenak izan ziren. Horri esker, gitarrak ez dira inoiz desafinatzen. Gainera, ez dira oso garestiak. Diabulus in Musica taldearen ospea aprobetxatuz, idatzi egin nien eta gure musika gustatu egin zitzaien. Galbahe batzuk pasa behar izan nituen: sare sozialetan jarraitzaile kopuru zehatz bat, Solar gitarren erabiltzailea izatea… Duela hiru aste sinatu nuen beraiekin, beraien enbaxadore izateko. Markak gure taldearen publizitatea egiten du eta gitarrak merkeago saltzen dizkit”.
Ibarzabalek bost gitarra elektriko, baxu bat eta gitarra akustiko bat ditu. “Ez naiz oso maniatikoa. Erosotasuna bilatzen dut: afinatu beharrik ez izatea, oso garestiak ez izatea… Izan ere, ez zait oso gitarra garestiekin bidaiatzea gustatzen”.
Diabulus in Musica taldean jotzeaz gain, Anker taldearen ekoizlea da eta bere Youtubeko kanala (Aimar Metal) elikatzen du. “Duela hamar urte ireki nuen kanala. Bertan, riff medley-ak egiten ditut. Su Ta Gar taldearekin, adibidez, ehun kanten 10-15 segundoko zatiak lotu nituen. Arrakasta izan zuen eta beste talde batzuekin ere egiten ari naiz: Metallica, Rammstein, AC/DC… Egitasmo pertsonala da, baina lagunekin egiten dut”, aipatu du.
Kontzertuak
Metal musika ez dago modan gazteen artean, baina talde ospetsuek estadioak betetzen dituzte oraindik. “Garai okerragoak bizi izan ditugula uste dut, baina kontzertuetan gazteak faltan sumatzen ditut. Guk kontzerturik ez dugunean, beste taldeen kontzertuetara joatea gustatzen zait. Baionako Gojira taldearen kontzertu batera joateko gogoa dut. Oso onak dira eta oraindik ez ditut ikusi. Talde ezagunenak ikusi ditut dagoeneko: AC/DC, Metallica, Scorpions… Metala txikitatik gustatzen zait, transmititzen duen indarragatik. Metallicaren eskutik ezagutu nuen musika hori”, amaitu du.