Nerea Murillo Telleriak irabazi du Santa Anastasia jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa. Gaur jaso du 300 euroko saria. Duela bi urteko azala aukeratzeko lehiaketa ere berak irabazi zuen. Eta iazko Santa Isabel jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa. “Aurtengo jaietako azalerako, diseinua aldatzea erabaki dut. Lan linealak egin ohi ditut eta oraingoan ez dut halakorik egin. Euskal Jaia jasotzen saiatu naiz. Azalean pertsona bat ikusten da, karroza desfilea ikusten, Iparragirre kalean. Iparragirre kaleko sabaian Iparragirreren kantetako notak ageri dira eta horiek ere jarri ditut. Lanaren izenburua Gora Iparragirre eta urretxuarrak, gora! da”, esan du. Sari banaketa ekitaldian Maialen Fidalgo zinegotziak eta Murilloren gurasoek parte hartu dute. Lehiaketara aurkeztutako lanak kultur etxean ikusgai jarri dituzte.