Zumarragako EH Bilduk Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren dokumentuari egindako ekarpenak aurkeztu ditu
Pasa den ekainaren 28an, Zumarragako EH Bilduren udal taldeak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) aurrerapen dokumentuari egindako ekarpenen txostena erregistratu zuen. Aurrerapen dokumentua behin behinean udalbatzarrean onartu ostean, herritarrak dokumentu horri ekarpenak egitera eta udalak antolatu zituen aurkezpen eta tailerretan parte hartzera animatu zituzten. Era berean, konpromisoa hartu zuten beraiek ere lan hori “seriotasun eta zintzotasun osoz” lantzeko eta ekarpenak egiteko. EH Bilduk gaiari buruzko prentsa oharra igorri du.
“Esan genuen moduan, HAPO berri honek gure herriaren garapen eredua definituko du datozen urteetarako. Ondorioz, etorkizunean nahi dugun Zumarraga irudikatzeko garaian denon ekarpenak beharrezkoak izango direla sinetsita gaude. Eta horregatik, udal gobernu taldeari eskatu genion jarrera proaktiboa hartu zezala parte hartzea bultzatzeko garaian. Parte hartze sendorik ez duen HAPO diseinu batek oinarri ahulak baititu.
Udalak aurkeztu duen planaren aurrerapen honetan dagoeneko aurreko arau eta planetatik eratorritako garapenak planteatzen dira berriz eta ez dugu berritasun handirik ikusi. Eta honek kezkatzen gaitu. Izan ere, egingo dugun planak 2050. urteari begira jartzen digunez, aldaketa sakonik egin ezean, 1990eko hamarkadako plan batekin aurki gaitezke 2050. urtean. Kokapen eta helburu estrategikoei dagokionez, gure udal taldearen ustetan 2050erako ikuspegiarekin ondutako HAPOa da garatu behar duguna. Ikuspegi zaharkituak eta aspaldiko urteetako plangintzak atzean utzi, eta Zumarraga 2050ean zer izango den definitu eta horri begirako plangintza garatu behar dugula deritzogu. Eta horretan saiatu gara.
Alor desberdinen inguruko ekarpenak egin ditugu, hamairu atal desberdinetan banatuta. Autosufizientzia energetikorako estrategia, mugikortasun jasangarri baterako estrategia, gure etorkizuneko zaintza sistema, landa eremua eta biozaniztasuna eta jarduera ekonomikoaren inguruko ekarpenak, besteak beste, izan dira gure proposamenen ildoak. Ekarpen zehatz eta egingarriak, datozen hilabeteetako prozesuan aintzat hartuak izango direla espero dugunak. Esaterako, guretzat badira Zumarragako etorkizunerako giltzarriak diren eremuak eta lan ildoak; estrategikoak direnak. Ondorengoak dira, besteak beste:
-Mertzedariak eremua zaintza eta gizarte ekipamenduetarako gordetzea, eta bere inguruan dagoen kiroldegiaren eta gasolindegiaren eremua berrantolatzea.
-Ospitalerako sarrerari beste kokapen bat ematea, Euskal Herria hiribidean kotxe kopurua murriztuz eta Zumarragako su-ebaki nagusia leunduz.
-Herriaren sarreretan aparkaleku disuasorioak ezarri eta horietako bat ADIF eremuan izatea.
-Auzoen eta zaharkituak geratu diren etxebizitzen eskala handiko berritze eta birgaitze prozesua planteatzea.
-Basoen bioaniztasuna eta espazio berde gehiago sortzea herri barruan.
-RENFEko soterramendu partziala egin eta La Salle ekipamendu dotazional bezala babestu.
-Kirol ekipamendu edo kiroldegi berri baterako eremuak gorde eta planifikatu.
-Arcelorreko eremua garapen industrialeko lehentasunezko eremua izatea eta zabortegiaren saila energia berriztagarrietarako gordetzea.
Sarrera eman diogun txosten hau, propio lan honetarako sortu dugun lan talde baten lehen emaitza da. Eragile, aditu, herritar, udal langile eta talde erredaktorearekin bildu ostean sortutako ekarpen txostena da. Hauteskunde kanpainan proposatzen genituen ekimenen norabide berean doa eta, gure ustez, 2050ean Zumarraga bizi eta bizigarri bat izateko oinarriak jartzen ditu. Orain, udal talde desberdinoi dagokigu elkarlanean, herri honek behar duen proiektua adostu eta gauzatzea. Bide hori jorratu nahi bada, bidelagun izango gaituzte”.