Ino Ugarteburu izan da toka txapelketako irabazlea. Arratsaldean mus txapelketa jokatuko dute ikastolan. Gauean kontzertuak izango dira.
Atzo hasi ziren Geltokietako jaiak. Ur pistola gerra, txokolatada, dultzaineroak, buruhandiak, trikipoteoa, bertso saioa eta musika emanaldiak izan zituzten auzotarrek. Gaur goizean toka txapelketarekin hasi dute jaietako bigarren eguna, Domingo de Mendiaraz plazan. Ino Ugarteburu izan da toka txapelketako irabazlea. Aldi berean, Olinpiada jokatu da Txindokiko plazan.
Zumarragako musika bandak alaitu ditu auzoko kaleak, eta eguerdiak aurrera egin ahala, 14:30ean, auzotarrek kozinatutako paella dastaketa izan da Domingo de Mendiaraz plazan.
Mus txapelketa jokatuko dute arratsaldean ikastolan, baita bingo jokoa ere Domingo de Mendiaraz plazan, eta Olinpiaden bigarren saioa ere izango da. 19:00etatik aurrera Matraka elektrotxarangak jarriko ditu dantzan auzotarrak, eta gauean kontzertuak izango dira: Wildon & Wilsonetes taldea eta Zatekeen erromeria, eta ondoren, DJ Muri.
Bihar izango da jaietako hirugarren eta azken eguna. Txistulariak, patata tortilla lehiaketa, eta festei amaiera emateko, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea kalez kale ibiliko da.