Imanol Gartziandia eskubaloi jokalaria eta Elene Lete futbolaria Parisen izango dira
Uztailaren 26an Joko Olinpikoak hasiko dira Parisen. Lehen aldiz, Urretxuk eta Zumarragak ordezkari bana izango dute: Imanol Gartziandia Alustiza eskubaloi jokalari urretxuarra eta Elene Lete Para futbolari zumarragarra (ordezko bezala joango da eta beste atezainetako bat lesionatzen bada bakarrik jokatu ahal izango du). Imanol Gartziandiak uztailaren 27an (09:00etan) Esloveniaren aurka jokatuko du, uztailaren 29an (16:00etan) Suediaren aurka, uztailaren 31n (14:00etan) Japoniaren aurka, abuztuaren 2an (16:00etan) Alemaniaren aurka eta abuztuaren 4an (21:00etan) Kroaziaren aurka. Leteri dagokionez, uztailaren 25ean (17:00etan) Japoniaren aurka jokatuko du, uztailaren 28an (19:00etan) Nigeriaren aurka eta uztailaren 31n (17:00etan) Brasilen aurka.
Pixkanaka, Joko Olinpikoetan parte hartu duten herritarren zerrenda loditzen ari da. Guztien artean lehenengoa, Antonio Juantegi Eguren (Zumarraga, 1898–Donostia, 1966) futbol jokalaria izan zen. 1924ko Jokoetan parte hartu zuen. Joko haiek ere Parisen izan ziren, duela mendebete.
52 urte pasa behar izan ziren beste herritar bat Joko Olinpikoetan ikusteko. Juan Jose Moral Arnaiz (Burgos, Espainia, 1951) txirrindularia izan zen. Arnaiz Euskal Herritik kanpo jaio zen, baina umetan Goierrira etorri zen. Legazpin bizi izan zen eta egun Zumarragan bizi da. 1976an Montrealen (Kanada) egin ziren Jokoetan parte hartu zuen.
Hurrengoa Iñaki Urdangarin Liebaert (Zumarraga, 1968) eskubaloi jokalaria izan zen. 1992ko eta 1996ko Jokoetan parte hartu zuen eta brontzezko bi domina lortu zituen. Joko Olinpikoetan parte hartu duen azken herritarra Susana Fraile Zelaia eskubaloi jokalari zumarragarra da. 2004an Atenasen egin ziren jokoetan parte hartu zuen.