Zuzendaritzako kideek lekukoa pasako dute gaur. Kluba 21 talde eta 551 jokalarirekin utziko dute.
Urola Kirol Elkarteak ohiko eta ez-ohiko batzarrak egingo ditu gaur, Zelai Arizti Aretoan. Lehenengo deialdia 18:00etan izango da eta bigarrena 18:30ean. Bertan, besteak beste, zuzendaritza berria hautatuko da. Azken lau urteetan zuzendaritzako kide izan direnek prentsaurrekoa egin dute, lau urte hauetako balorazioa egiteko.
Egungo zuzendaritza Jotxin Iturbe, Jon Etxeberria, Mikel Igartua, Amaia Aranburu, Estitxu Gomez, Iñaki Aranzadi, Joseba Okariz, Ibon Izagirre, Anton Arratibel, Angel Balbas eta Rosa Garridok osatzen dute. Pandemia bete-betean hartu zuen klubaren ardura: 2020ko uztailean. Egoerari aurre egiten jakin zuten eta klubak orain arte ezagutu gabeko tamaina hartu du: 21 talde eta 551 jokalari ditu.
Bereziki azpimarragarria da emakumezkoen taldeen gorakada. 2015-2016 denboraldian 30 neska zeuden, bi taldetan banatuta. Futbol eskola mistoa zen eta hiru neska bakarrik zituen. “Azken denboraldi honetan, nesken zazpi talde izan ditugu eta futbol eskolako nesken talde bat. Guztira, 121 neska. Horiei, mutilen hamalau taldeak eta futbol eskolako mutilen hiru talde gehitu behar zaizkie. Guztira, 551 jokalari eta 72 entrenatzaile, delegatuak, kantinako langileak, zozketa txartelak saltzen laguntzen dutenak eta zuzendaritzako kideak”.
Hiru neska Realean
Nesken futbolaren hazkundeari lotuta, Urolaren harrobitik ateratako hiru jokalari daude egun Realean: Elene Lete talde nagusian, Garazi Aranburu B taldean eta June Berasategi kadete mailan. Bestalde, Eibarrek haur mailako hiru neska fitxatu ditu. “Lehen neska asko lagunekin egoteko etortzen ziren eta egun futbola benetan gustatzen zaielako etortzen dira. Oso ondo jokatzen dute, partida asko ikusten dituzte eta futbolaz asko dakite”.
Urolak primerako instalazioak eskaintzen dizkie futbolean jokatu nahi dutenei. Azken lau urte hauetan, berdegunea aldatu da eta Iñaki Mendiluze formazio gela eraiki da. Zehazki, belarra 2021. urtean aldatu zuten eta iaz ireki zuten Mendiluze aretoa. “Mugarri garrantzitsua izan da. Zumarraga eta Urretxuko kirol elkarte guztiei eskaintzen die zerbitzua. Gure kirol metodologia eta balioetan oinarritutako formazioan gehiago sakontzeko aukera eskainiko digu. Aurten, hiru formazio izan ditugu: oinarrizko bizi euskarri ikastaroa entrenatzaileentzat, Javi Calzada medikuarekin; haur eta gazteen buru osasunaren eta ongizatearen inguruko formazioa familientzat, Alex Remiro Realeko atezainak eta Futbol Mas fundazioak antolatuta; eta Realeko teknikariek gure entrenatzaileekin egindako lan saioa taldeen kudeaketaren eta metodologiaren inguruan”.
Gainera, formazio gelan pantaila handi bat dute eta jokalariek beraien partidetako bideoak ikusten dituzte zertan hobetu behar duten jakiteko. Entrenatzaileek areto hori partidak hasi aurreko azken aginduak emateko ere erabiltzen dute.
Klubaren hazkundeari eta Iñaki Mendiluze formazio gelari esker, Urolak Realaren arreta piztu du. Izan ere, Urola jokalari gehien dituen kluben artean dago eta oso estadio gutxitan dute Zumarragakoaren pareko formazio gela. Urolak Realaren metodologia jarraitzen du, Keoma Fuentes teknikariaren begiradapean. Eta urtarriletik Aitor Moreno zumarragarra Realaren koordinatzailea da Urola Kirol Elkartean. Gipuzkoako zortzi klubek bakarrik dute Realaren koordinatzaile figura. Morenok talde guztiekin eguneroko harremana du eta jokalarien kudeaketaz eta lan saioen antolaketaz arduratzen da.
Balioak
Baina Urola ez da futbola bakarrik. Bere funtzioetako bat gazteak balioetan heztea da. “Funtzio sozial bat ere betetzen du. Familia handi bat da, futbolaren bitartez haur eta gazteei eguneroko bizitzarako ezinbestekoak diren balioak irakasteko lan egiten duena: errespetua, apaltasuna, erantzukizuna, konpromisoa, norbere lana eta talde lana”.
Urolaren beste funtzioetako bat komunitatea sendotzea da eta, horretarako, kluba herrira gerturatzen eta herritarrak Argixaora erakartzen saiatu dira azken lau urteetan. “Gure 50. urteurrenarekin batera, Indar Hori kanpaina jarri genuen abian: kluba herritarrengana hurbiltzeko eta klubaren finantzaketaren dibertsifikazioan pausoak emateko. Herriko merkatari txikien eta enpresen artean 41 babesle lortu ditugu. Gainera, Indar Hori Ohorezko Bazkide ekimena sortu genuen, Urolaren alde egindako lana eskertzeko”.
Horretaz gain, Urolako jokalarien kromoak saldu dituzte, Iñaki Mendiluze txapelketari bultzada eman diote eta gizarte arloko ekimenak abian jarri dituzte: Gautena elkartekoak Argixaora gonbidatu dituzte, Ehlers-Danlos gaixotasun arraroa duen Erin Altzelairen aldeko diru bilketa egin dute, Josu Vianak ludopatiari buruzko hitzaldia eman zuen eta Iker Plazaolak gerriko distrofiari buruzkoa.
Komunikazioa
Komunikazioa modernizatu dute, euskara ardatz hartuta. “Sare sozialetan gure komunikazioa indartu dugu, webgunea berritu dugu, euskara lehenetsi dugu gure komunikazioan eta zuzendaritzaren barruko hartu-emanetan. Korrikan parte hartu dugu eta Euskaraldiarekin bat egin dugu”.