Goierri garaiko 51 pertsonek parte hartu dute eta %75ak beraien hobekuntza nabaritu duela esan du
Gaur goizean Zaintza HerriLab esperientziaren emaitzak aurkeztu dituzte Urretxun. Proiektu pilotu horretan mendekotasuna duten Goierri garaiko 60tik gora lagunek parte hartu dute eta prozesua 51k bukatu dute. Gipuzkoan zaintzen arloan lan egiten duten eragile ezberdinek beraien bizitza kalitatea hobetzeko lan egin dute eta %75ek hobekuntza nabaritu dutela eta %21ek hobekuntza hori oso handia izan dela esan dute. Urtebete baino gehiago eman dute lanean, pertsona horien bizitza hobetzeko.
Gaurko aurkezpenean Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak, Jon Luqui mankomunitateko lehendakariak, Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak, Itziar Salaberria Uggasako kudeatzaileak eta Carlos Fernandez Gogogo Mobility Robots enpresako CEOak parte hartu dute.
Luquik arlo soziosanitarioak industria nagusi izan den Goierri garaian hartu duen garrantzia azpimarratu du. “Zaintza HerriLab lan berritzailea izan da industria nagusi izan den eskualdean. Bere garaian arlo soziosanitarioaren aldeko apustua egin genuen eta horren ondorioa dira Gogoa enpresa, UGLEren ortoprotesika zikloa eta, orain, Zaintza HerriLab. Arlo soziosanitarioaren aldeko apustua Urola Garaiko lehiakortasun estrategiaren ondorioa da eta Udaletako gizarte zerbitzuek, ospitalak… elkarrekin lan egiten dute”.
Arlo soziosanitarioaren aldeko apustu horrek ahalbidetu du, hain zuzen ere, Zaintza HerriLab martxan jartzea. “Apustu horri esker, honako hau bezalako aukerak sortzen ari dira”, gehitu du.
Salaberriak eman du Zaintza HerriLab proiektu pilotuan egindako lanaren berri. “Erabiltzaileen analisia egin dugu eta ondoren beraien bizitza hobetzeko zer egin zehaztu dugu. Autonomia maila eta bizi kalitatea nola hobetu. Proiektua bukatu duten pertsonen %75 inguruk autonomia mailan hobekuntza nabaritu duela esan du eta %21ek hobekuntza hori oso nabaria izan dela. Prentsaurrekoren aurretik bilera bat izan dugu eta bertan bi parte hartzaileen testigantzak ezagutu ditugu. Biek hobekuntza fisikoa eta psikologokoa nabaritu dutela esan dute”.
Arratibelek proiektuak UGLEko teknikarien lana ezagutzera emateko ere balio izan duela esan du. “Urteak daramatzagu ortoprotesika zikloa ematen, lan asko egin dugu eta ondo prestatutako jendea lortzen ari gara. Oraingoan, diagnostikoa egin ondoren, ze produktu behar dituzte, beraien etxea nola egokitu… zehaztu ahal izan dugu. Ortoprotesika teknikari batek eta fisioterapeuta batek parte hartu dute”.
Fernandez ere gustura azaldu da. “Gogoa Mobility Robots eta Onbideratu errehabilitazio zentroa ezagutzera emateko aukera eman digu. Baita paziente oso ezberdinekin lan egiteko aukera ere. Gurekin aritu direnetatik, hamahiruk bizi kalitatea hobetzea lortu dute: berriro altxatu, ibili, inoren laguntzarik gabe jan…”.
Peñak eskerrak eman dizkie egitasmoan parte hartu duten guztiei. “Bai langileek eta bai erabiltzaileek izugarrizko lana egin dute. Aldundiarentzat proiektu estrategikoa da, gure helburua gipuzkoar guztien ongizate integrala lortzea baita. Etxean ematen den arreta indartzeko 13 zaintza ekosistema lokal martxan jarri ditugu, baina eskualde mailako bakarra Urola Garaikoa da. Hurrengo fasean hemen martxan jarri duguna gainontzeko eskualdeetara zabaltzen saiatuko gara. Hemen lortutako ezagutza gainontzeko eskualdeetan partekatuko dugu”.