Laritza Perez ostalariak Urretxuko Gure Trena utzi behar du bere seme-alaben heziketaz arduratzeko eta festa antolatu du igande honetarako. 20:00etatik 22:00etara luntxa egingo dute, Dj batek girotuta.
Perez kolonbiarra da jaiotzez. Duela 20 urte Euskal Herrira etorri zen. Hasieran Donostian bizi izan zen, baina berehala Zumarragara etorri zen. “Zumarraga eta Urretxu herri lasaiak eta aldi berean biziak iruditu zitzaizkidan. Gainera, jendeak oso ondo hartu ninduen”.
Ostalaritzan lan egin du beti. “Nire seme nagusiak 18 urte ditu eta 3 urte zituenean Geltoki tabernan lan egiten hasi nintzen. Ondoren, Apain tabernan lan egin nuen. 2020ko urtarrilean Laket taberna hartu nuen, baina pandemiak min handia egin zidan. Laketen gauez lan egiten genuen batez ere eta pandemian ezin genuen gauez ireki. Hori dela eta, 2020ko udan Anais taberna hartu nuen. Gure Trena izena jarri nion, izenak ere herriarekin lotura izan zezan. Amarekin eta anaiarekin hasi nintzen, baina amak istripua izan zuen, anaia lantegi batean hasi zen eta azkenaldian ni arduratu naiz”.
Gure Trenan oso gustura dago, baina 2 urteko eta 3 hilabeteko bi ume ditu eta beraien heziketari lehentasuna ematea erabaki du. “Gure Trenan oso gustura dago. Bezero batzuk egunero joaten dira eta dagoeneko lagunak dira, taberna uzteak pena ematen dit, negar egin dut, baina hiru seme-alabekin egoteko premia dut. Orain da horretarako unea. Dena den, argi dut egunen batean ostalaritzara itzuliko naizela”.
Igandean festa egingo du, bezeroei eskerrak emateko. “Taberna ireki genuenean ezin izan genuen festarik egin, pandemia dela eta. Orain egingo dugu”.
Perezek igandean bertan itxiko du taberna. Gure Trena egun Monterrey taberna duen Yaima Muñozek hartuko du. Irailaren hasieran irekiko du.