Zumarragako azoka eskualdeko produktuak, kultura eta aniztasuna biltzen dituen asteroko topagunea da. Bertako produktuak izaten dira azokan: garaian garaikoak, aniztasun handikoak eta kalitatezkoak. Asteroko erosketa egiteko elikagai postuak dira gehienak: fruta, gozokiak eta pastak saltzen dituzte, besteak beste. Nolanahi ere, badira bestelako postu batzuk ere, hala nola ehunak saltzen dituzten postuak, arropa postuak, etxerako produktuenak… «Bere esentzia tradizionalari eutsi dio merkatuak, modernizatu eta egungo garaietara egokitu bada ere», esan du Haizea Iratxe Julio Zumarragako azokako arduradunak. «Produktu jasangarrien eta hurbilekoen eskaintza nabarmentzen da azokan». Aurten 70 urte bete ditu eraikinak.
Merkatuak, baina, 1864an hasi zuen bidea. Izan ere, trenbidearen instalazioak eta Zumarragako geltokia eraikitzeko lanek tokiko ekonomia bultzatzera eraman zuten herria, eta, horrenbestez, asteroko merkatu bat egitea otu zitzaien orduko antolatzaileei. 1865ean, Gipuzkoako Diputazioak hamabostean behin azoka bat egiteko baimena eman zuen, ostegunetan egiteko. Jende asko joaten zela ikusita, astero egiten hasi ziren. Julio arduradunak esan du merkatua 1869an inauguratu zutela «formalki», postuak jartzeko altzari egokiekin. Aurrerago, ostegunean egin ordez, igandean egiten hasi ziren, eta funtzionamendua profesionalizatzea lortu zuten, pixkanaka. 1882an, transakzioen gorakadaren ondorioz, astean bitan egiten hasi ziren: igandean eta ostegunean.
Askotariko produktuak saltzen zituzten, eta, poliki-poliki, oihartzuna lortu zuen eskualdean. Udaleko langileek produktuen kalitatea aztertzen zuten, saltzeko moduan zeuden zehazteko.
Zumarragako azokak eraikin propio bat behar zuela iritzita, lanari ekin, eta 1954ko ekainean lortu zuten espazio hori inauguratzea, diru laguntza batzuei esker. Azpiegitura horrek produktuak saltzeko postua jartzeko modua eman zien hainbat baserritarri. Azokako egungo arduradunak dio horrek ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko elkarrekintza «erraztu» zuela, eta uste du, horregatik, komunitatearentzako «zentro garrantzitsua» dela.
Nabea eraiki eta hamar urtera —1964an—, larunbatetara pasatu zuten azoka, ekoizleek igandean atseden hartzeko astia izan zezaten. 1970eko hamarkadaren hasieran, soilik larunbat goizean egitea erabaki zuten.
Modernizazioa helburu
2016an, Zumarragako Udalak azoka hiri ekonomiako proiektu baten erdigune bihurtzeko plan bat jarri zuen martxan. Planak hirigintza hobekuntzak, azpiegituren modernizazioa eta postuen digitalizazioa hartu zituen aintzat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Next Generation EU programaren laguntzarekin.
Aurten, nabearen 70. urteurrenean, hainbat hirigintza erreforma eta hobekuntza egin dituzte eraikuntzaren barnean. «Instalazio eta zerbitzu berriek saltzaile eta erosleentzako esperientzia hobetu dute, hozkailuak eta produktuak saltzeko postu berriak instalatzea barne», Juliok esan duenez.
«Zumarragako azokako instalazio eta zerbitzu berriek saltzaile eta erosleentzako esperientzia hobetu dute».
HAIZEA IRATXE JULIO Zumarragako azokako arduraduna
Haren arabera, «nabarmen modernizatu» da Zumarragako azoka: «Nabea berritu dugu; irisgarritasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko, batez ere». Gainera, digitalki ere aurrerapausoak eman dituztela dio: «Azokak teknologia berriak erabiltzen ditu orain, bere garrantzia mantentzeko. Presentzia aktiboa du Interneten, produktu eta ekitaldiei buruzko informazioa eskaintzen duen webgune bat erabiltzen baititugu». Arlo digitalaren garapenak jende gehiago erakartzen lagundu duela uste du Juliok. «Azoka helmuga turistiko eta kultural gisa sustatzen lagundu du teknologiak, bai eta irudi modernoago eta dinamikoago bat zabaltzen ere».
Saltzaileak
Arduradunaren hitzetan, baserritarrak «funtsezkoak» dira Zumarragako azokan. «Saltzaileen eta komunitatearen arteko harremana oinarrizkoa da azokak arrakasta izan dezan». Azaldu du «kalitatezko produktu freskoak» eskaintzen dituztela bertako nekazariek, eta, hain zuzen ere, egiten duten lana aitortze aldera, 70. urteurrena ospatzeko ekitaldian saritu zituzten, ekainaren 27an.
Juliok esan du azokak ez duela soilik herriaren bizitzan eragiten; izan ere, herriak ere rol garrantzitsu bat betetzen du azokan. Patxi Arizmendik eta haren familiak 50 urte baino gehiago daramatzate han barazkiak saltzen. Arizmendik argi dauka saltzen jarraituko dutela, baina zalantza du beste baserritarrek jarraituko ote duten, garaiak «asko aldatu» direla eta. «Nabean obrak egin dituzte, eta saltzaileak lehengo erdiak edo gutxiago gara. Lehen, mahai batean hiru edo lau saltzaile geunden; orain, ordea, bost mahai ditu saltzaile bakoitzak. Azoka guztietan ikusten da geroz eta jende gutxiago joaten dela azokara. Gazte gutxi ikusten da».
«Azoka helmuga turistiko eta kultural gisa sustatzen lagundu du teknologiak, bai eta irudi modernoago eta dinamikoago bat zabaltzen ere».
HAIZEA IRATXE JULIO Zumarragako azokako arduraduna
Azoka eta merkatuen modernizazioa ez da Zumarragarena bakarrik. Inguruko beste herri batzuk ere ari dira azoketako azpiegiturak berritzen eta teknologia berriak erabiltzen, bisitari gehiago erakartzeko eta erosketa esperientzia hobetzeko. Ordizian, esaterako, Zumarragako azokaren 70. urteurrenaren egun berean, Ordiziako azokaren eraldaketa digitalerako eta iraunkorrerako plana aurkeztu zuten. Juliok azaldu du modernizazioa tokiko ekonomiak biziberritzeko eta Gipuzkoako eskualdean jasangarritasuna eta tokiko ekoizpena sustatzeko ahalegin zabal baten parte dela.