![](https://www.otamotz.eus/site/files/2024/07/img_7076.jpg)
Zumarragako Udalak Legazpi kalea ireki du gaur. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak, PSE-EEk zinegotzietako batzuk, arkitektoek eta Moyua enpresako ordezkariek parte hartu dute. Serranok Legazpi kalea trenbidea egin zen garaian egin zela (herrigunea trenbidearekin lotzeko) eta azken hamarkadetan ez dela bertan berritze integralik egin aipatu du. “Udazkenean zuhaitzak landatuko ditugu eta kaleak orain arte ez zituen berdeguneak edukiko ditu. Obra honen helburuetako bat oinezkoei lehentasuna ematea da, bereziki bertako bizilagunei. Baita ekonomia suspertzea ere. Legazpi kalean 13 lokal huts daude eta zaharberritzeak horietako batzuk irekitzen lagunduko duela uste dut”. Legazpi kaleko obra, Soraluze kalekoa, plazakoa eta Jai Alaikoa egitasmo beraren parte direla gogoratu du. Eta Ibai Ondoko obra irailean amaituko dela aurreratu du.