Ander Probanza urretxuarrak eta Aner Uribesalgo arrasatearrak Costa Ricako fruta batekin egindako likorea sortu eta merkaturatu dute
Ander Probanza urretxuarrak eta Aner Uribesalgo arrasatearrak Costa Ricako pitaia frutarekin egindako likorea sortu eta merkaturatu dute. Edariari Heiz izena jarri diote.
2003n jaiotako bi gazte hauek Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (LEINN) ikasten ari dira Mondragon Unibertsitateko Oñatiko (Gipuzkoa) campusean. Hortik sortu da egitasmo hau. “Urtero toki batera joaten gara eta bigarren urtean Costa Ricara joan ginen, bertako errealitatea ezagutzera. Edari bat sortzeko asmoa genuen eta, Costa Rican fruta asko daudenez, azterketa bat egin genuen. Azkenean, pitaia izenekoa aukeratu genuen. Herensugearen fruta izenarekin ere ezagutzen da. Zaporeagatik eta koloreagatik aukeratu genuen. More kolorekoa da”, azaldu dute.
Costa Ricatik Itzuli zirenean, likorea sortzeari ekin zioten. “Txupitoak edateko likore bat sortzeko fruta aproposa zela iruditu zitzaigun», azaldu du Probanzak. Izan ere, merkatuan ez zegoela horrelakorik ikusi zuten. «Merkatuan ez zegoen fruta exotikoekin egindako likorerik. Pitaia erakargarria da”, gehitu du Uribesalgok. Costa Rican ez dute likorerik egiten pitaiarekin. “Zukuak egiten dituzte, baina ez alkoholdun edariak. Gainera, etxean egiten dituzte, ez dituzte komertzializatzen”.
Zapore berezia
Zaporea ere originala du. “Ez da deskribatzen erraza. Ez dut sekula antzerako zaporea duen ezer probatu. Gure likoreak toki exotiko batera eramaten gaitu. Zapore exotiko eta freskagarria du. Likoreak, pitaiaz gain, limoia eta azukrea ditu, zapore biziagoa emateko. Izan ere, gauez zerbitzatzen diren edariek zapore biziak dituzte. Oso erraz edaten da. 20 gradu ditu. Izan ere, gure azterketan egungo gazteek vodka edo Jagermeister baino edari suabeagoak nahi dituztela ikusi genuen”.
Fruta naturala ekartzea zaila zenez, beste lehengai batzuk nahastuz sortu dute pitaiaren zaporea. Edaria Amurrioko (Araba) Licores Barañano enpresak egiten du beraientzat eta bi hilabete daramatza merkatuan. Oso gustura daude jasotako emaitzarekin. “Sare sozialetan gaude, euskaraz eta gazteleraz. Gazteengana zuzentzen gara. Txomin Zubeldia banatzailearekin lan egiten ari gara. Inguruko tabernetan salgai dago jada: Ordizian, Beasainen, Ataunen, Legazpin, Zumarragan, Debagoiena osoan… Aurrerago Interneten ere saldu nahi dugu”, aurreratu dute.
Jendeak gustatu zaiola esan die eta hainbat tabernak gehiago eskatu dute. “Harrera ona izan duen seinale da. Jendea oso pozik dago eta gu ere bai. Jendearen iritziak jaso nahi ditugu, edaria hobetzeko”.
Likorearen jatorria Costa Rican dago, baina izenarena Urretxu eta Zumarragan. “Hemengo gazteen artean heiz hitza erabili ohi dugu, zerbait gogoko dugula esateko. Gazteek ekintzaile edonor izan daitekeela ikustea nahi dugu”, amaitu dute.