Gartziandiak Olinpiar Jokoez dituen lehen oroitzapenak Bolten eta Phelpsen balentriak dira. Orain, ordea, bertatik bertara biziko du amets olinpikoa. Lehen aldiz ariko da. Etzi ekingo dio lehiari, Esloveniaren aurka (09:00).
Elkarrizketa hau Berriak argitaratu du.
Urretxuko (Gipuzkoa) lehen kirolari olinpikoa da Imanol Gartziandia (Urretxu, 1995). Ez zekien, eta ezusteko ederra hartu zuen jakin zuenean. Halakoetan, ohikoa da Olinpiar Jokoetatik bueltan udalak omenaldiren bat egitea. «Festetako txupinazoa botatzea? Sekulakoa litzateke, baina ordurako Hungarian egongo naiz, denboraldiaurrea prestatzen [Pick Szeged taldean ari da]. Pena da, baina oso harro nago herriko lehen kirolari olinpikoa izateaz. Sekulako ilusioa pizten dit».
Zer sentitu zenuen Parisko Olinpiar Jokoetan ariko zinela esan zizutenean?
Batetik, poz ikaragarria, eta, bestetik, satisfazio handia; azken urteetan egin dudan lan gogorrak fruitua eman du.
Itxaropena bazenuen?
Bai, batez ere, hiru urte daramatzalako Espainiako selekzioaren dinamikan bete-betean sartuta, eta feedbacka oso ona izan delako. Hala ere, ez nuen ziurtzat jo zerrendaren berri izan arte. Ez zen erraza tokia izatea: bi eskuin alboko ginen, Maqueda eta biok, eta hura geratu zen kanpoan Joan Cañellasek min hartu aurretik: beraz, aukera bera nuen barruan edo kanpoan egoteko. Zorionez, barruan nago. Duela ez asko ia ezinezkotzat jotzen nuen, baina hemen nago. Urratsez urrats eta helburuz helburu joatea gustatzen zait niri, burua galdu gabe beti. Ez dakit hau baino zerbait handiagoa dagoen. Tira, bai, domina bat lortzea. Ametsu bat da hemen egotea, baina amets handiagoa da domina bat lortzea.