Patxi Bisquert zinemagilea Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitzari buruzko Ombuaren itzala pelikula filmatzen ari da. Atzo, Pasaian filmatu zuten eszenan, Itziar Oñatibia eta Gotzon Aranburu herritarrek parte hartu zuten, figurante gisa.
Aranburu argazkilaria da eta lanera joan zen Pasaiara. “Berria egunkariko kazetari batekin joan naiz, erreportajea egitera. Figuranteak behar dituztela esan dute eta laguntzea erabaki dut. Jantzi, makilatu eta patillak moztu dizkidate”.
Otañok Amerikara joateko hartu zuen itsasontziko eszenan parte hartu zuen. “Txirritaren rola egin duen aktoreak bertso batzuk abestu dizkio eta Otañoren rola egin duen aktoreak barkutik erantzun dio. Figuranteon artean, Anjel Mari Peñagarikano bertsolaria zegoen”.
Aranburuk kasualitatez parte hartu du. Oñatibiak ez. Izan ere, Bisquert bere bizilaguna izan zen eta Oñatibiak pelikula aurrera ateratzen lagundu zion. “Nafarroako Astitz herrian bizi naiz eta Patxi nire bizilaguna izan zen. Garai hartan ez zuen autorik eta herriz herri eraman nuen, Nafarroan eta Araban, proiektua aurrera ateratzeko diru bila. Udalei areto bat eskatzen zien, bertan herritarrei egitasmoaren berri ematen zien eta pelikula ikusteko sarrerak saltzen zituen. Nafarroa Oinezen, bi aldiz, eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean ere izan ginen, sarrerak saltzen. Ondoren, autoa erosi zuen”, gogoratu du.
Oñatibiari ilusio handia egiten dio Bisquertek egitasmoa aurrera atera duela ikusteak. “Otaño bezala, zizurkildarra da. Aspalditik zuen Otañoren berri eta azkenean egitasmo hau martxan jartzea lortu du. Ilusio handia egiten dit, jende askok ezinezkoa zela esaten baitzion. Auzolanean atera du aurrera. Gainera, pandemia garaian hasi zen. Musuko eta guzti joan behar izaten ginen”.
Otañoren koplak
Bisquertek urte asko daramatza egitasmo horretan lanean. “Urte dezente igaro dira Koldo Izagirreri testua idazteko proposatu nionetik. Otañorenganako maitasuna betidanik sentitu izan dut, oso pertsonaia interesgarria dela iruditzen zait. Gainera, txikitatik egon izan da presente nire bizitzan: amaren bi lehengusu, Martzelino deiturikoak, bertsolariak ziren, eta eztarria berotzeko Otañoren koplak abesten zituzten. Nik neuk ere garai hartan ikasi nituen kopla horiek, eta elkarrekin abesten genituen”, esan zuen Berria egunkariari emandako elkarrizketa batean.
Bere ustez, Otaño bere garaiko pertsonaiarik garrantzitsuenetarikoa izan zen gure kulturan. “Ez soilik bertsolari izateagatik. Otañok bazuen beste ezaugarri bat: garai hartan bertso munduan zebilen jende gehiena karlista zen, eta hau liberala. Ez zen arruntena giro horretan. Liberala zen, baina baita foruzalea ere. Hortaz, 1876an, foruen desagertzearekin batera, Argentinara emigratu zuen lehenengoz”.