Zumarragan jaiotako futbolariak 1924an Parisen egin ziren Joko Olinpikoetan parte hartu zuen
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2024/07/antonio_juantegi_eguren-500x731-1.jpg)
Gaur, 18:30ean, Pariseko Joko Olinpikoen hasiera ekitaldia egingo dute. Lehen aldiz, Urretxuk eta Zumarragak ordezkari bana izango dute: Imanol Gartziandia Alustiza eskubaloi jokalari urretxuarra eta Elene Lete Para futbolari zumarragarra (ordezko bezala joango da eta beste atezainetako bat lesionatzen bada bakarrik jokatu ahal izango du). Imanol Gartziandiak bihar (09:00etan) Esloveniaren aurka jokatuko du, uztailaren 29an (16:00etan) Suediaren aurka, uztailaren 31n (14:00etan) Japoniaren aurka, abuztuaren 2an (16:00etan) Alemaniaren aurka eta abuztuaren 4an (21:00etan) Kroaziaren aurka. Leteri dagokionez, Espainiako selekzioak Japoniari irabazi zion atzo. Uztailaren 28an (19:00etan) Nigeriaren aurka jokatuko dute eta uztailaren 31n (17:00etan) Brasilen aurka.
Pixkanaka, Joko Olinpikoetan parte hartu duten herritarren zerrenda loditzen ari da. Guztien artean lehenengoa, Antonio Juantegi Eguren (Zumarraga, 1898–Donostia, 1966) futbol jokalaria izan zen. 1924ko Jokoetan parte hartu zuen. Joko haiek ere Parisen izan ziren, duela mendebete. Joko haietan Johnny Weissmuller igerilaria ezagun egin zen. Jokoen ondoren Tarzanen pelikulak egin zituen.
Juantegi Zumarragan jaio zen, 1898ko apirilaren 4an. Bere ama, Juana Eguren Jauregi, urretxuarra zen (Intxenea baserrikoa, egun Aparizio auzoan) eta bere aita, Juan Pedro Juantegi Olano, donostiarra. Aitaren aldeko aitona Frantzian jaio zen eta amona, berriz, Azpeitian. Amaren aldeko aitona-amonei dagokienez, aitona Urretxukoa zen eta amona Antzuolakoa.
Juan Juantegi eta Juana Eguren 1891n ezkondu ziren Zumarragan eta Antonio jaio aurretik hiru alaba izan zituzten. Senar-emazte hauek Secundino Esnaola kalean bizi ziren (garai hartan Calle de la Estacion) eta Paraiso hoteleko nagusiak izan ziren. Ondoren, XX. mende hasieran, Donostiara joan ziren. Bertan, lehenengo Biarritz hotela erosi zuten eta ondoren Niza hotela eraiki zuten. Hotel honetako saloian Juantegiren eta Egurenen erretratuak ikus daitezke.
Realean eta Espanyolen
Gurasoek ostalaritza munduan lan egiten zuten, baina semeak futbolean eman zituen lehen pausoak. 1922an Realarekin fitxatu zuen. 1926a arte jokatu zuen talde txuri-urdinean. 20 gol sartu zituen, 47 partidatan. Ondoren, Bartzelonako Espanyol taldearekin fitxatu zuen.
Gainera, 1924ko joko olinpikoetara joan zen, Espainiako selekzioarekin. Zumarragakoa Realeko ordezkari bakarra izan zen.
Joko haiek Parisen izan ziren. Lau urte lehenago, Anberesen, Espainiako selekzioak zilarrezko domina lortu zuen eta konfiantzaz gainezka joan ziren. Baina lehen kanporaketan, maiatzaren 25ean Italiaren aurka jokatutakoa, kalera joan ziren. Juantegi ez zen hamaikakoan zelairatu eta garai hartan aldaketarik egiten ez zenez, ez zuen minutu bakar bat jokatu.
Handik hilabete batzuetara arantza atera zuen: Austriaren aurka lagunarteko partida jokatu zuen, abenduaren 21ean, Bartzelonako Les Corts futbol zelaian. Espainiako selekzioak 2 eta 1 irabazi zuen eta lehenengo gola Juantegik sartu zuen, 3. minutuan.
Futbol mundua gaztetan utzi behar izan zuen, ordea. Izan ere, bere amak familiaren hotelen ardura hartzea nahi zuen. Horretan lan egin zuen. 1966an hil zen. Lau seme-alaba eduki zituen eta hiru bizi dira: Juan Antonio, Fernando eta Maria Cristina.
Dirudienez, Juantegitarrek futbolerako gaitasun berezia zuten: Antonioren arreba baten semea ere futbolaria izan zen.
Juan Juantegik eta Juana Egurenek hiru alaba eduki zituzten futbolaria izango zena mundura ekarri aurretik. Hiruak Zumarragan bataiatu zituzten. Horietako bat, Carmen (Luisa Antonia Carmen Valentina), Pedro Txillida donostiarrarekin ezkondu zen eta hiru seme eduki zituzten. Horietako bat, Eduardo, Realeko atezaina izan zen ospe handiko eskultorea bilakatu aurretik.
Joko olinpikoetan parte hartu zuen lehen goierritarra Eduardo Txillidaren osaba zen, beraz.