Ostiralean Joko Olinpikoak hasi ziren, Parisen. Lehen aldiz, Urretxuk eta Zumarragak ordezkari bana izango dute: Imanol Gartziandia Alustiza eskubaloi jokalari urretxuarra eta Elene Lete Para futbolari zumarragarra. Beraien aurretik, beste lau herritarrek parte hartu dute Jokoetan. Lehenengoa Antonio Juantegi Eguren (Zumarraga, 1898-Donostia, 1966) futbol jokalaria izan zen. 1924ko Jokoetan parte hartu zuen. 52 urte pasa behar izan ziren beste herritar bat Joko Olinpikoetan ikusteko. Juan Jose Moral Arnaiz (Burgos, Espainia, 1951) txirrindularia izan zen. Arnaiz Euskal Herritik kanpo jaio zen, baina umetan Goierrira etorri zen. Legazpin bizi izan zen eta egun Zumarragan bizi da. 1976an Montrealen (Kanada) egin ziren Jokoetan parte hartu zuen. Hirugarrena Iñaki Urdangarin Liebaert (Zumarraga, 1968) eskubaloi jokalaria izan zen. Bera izan da dominak lortu dituen bakarra. 1992ko, 1996ko eta 2000ko Jokoetan parte hartu zuen eta brontzezko bi domina lortu zituen. Bere kirol ibilbide guztia Bartzelona taldean egin zuen. 14 denboraldi jokatu zituen: 1986tik 2000. urtera. Europako Kopa sei aldiz irabazi zuen eta Liga hamar aldiz.